NAIZ

Saltan indigenen eskubideak urratzeagatik auzitegien jipoia jaso du Argentinak

Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak jipoi historikoa eman dio Estatu argentinarrari, Salta probintziako komunitate indigenen eskubideak urratu zituela ebatzita. Antzinako lurren jabetza komunitarioa, ura, elikagaiak eta ingurumena babestera behartzen du.

Saltako eta Jujuyko  indigenen protesta. (GARA)
Saltako eta Jujuyko indigenen protesta. (GARA)

IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak (CIDH, gaztelaniaz) Estatu argentinarra zigortu du, Salta probintziako iparraldean bizi diren 132 komunitate indigenen jabetza komunitarioa urratzeagatik. IACHRren ebazpen historikoak indigenei urratutako eskubideen zerrenda luzea ematen du: kultura identitatea, ingurugiro osasungarria, beharrezko elikadura eta ura izateko eskubidea.
 
Horrela, bada, ebazpenak indigenek pairatzen duten desberdinkeria agerian uzten du. Urte hasieran witxi etniako neska-mutilen heriotzek begi bistan utzi zuten hori.

Erregimen militarraren gainbeheratik aldarrikatu dituzte urratu zaizkien eskubideak herri indigenek. Duela 21 urte eraman zuten auzia IACHR-ra Gizarte eta Lege Ikerketa Zentroaren (CELS) babesarekin.

«Gure herrialdean antzinako jabetzaren eta lurren inguruko liskarren gainean Gorteak eman duen lehen ebazpena da», goraipatu du aipaturiko zentroak.

Auzia

1984an, Saltako Chacoan bizi diren herriek beren antzinako lurren jabetza exijitu zuten.

Herri hauek 1629. urtea baino lehenagotik bizi dira bertan, Rivadaviako departamenduan, 643 hektarea dituen lurraldean. Guztira 10.000 pertsona inguru  dira. Beraien bizimodua zeharo aldatu zen aurreko mende hasieran kreoleen familiak bertara iritsi zirenean. Azken horiek artzaintza, lurren itxiera (erromalekin) eta zuhaitz mozketa neurrigabea ekarri zuten.

Argentinako Gobernua indigenak zatikatzen saiatu zen, lursail bana eskainiz. Azkenean lurrak Lhaka Honkat («Gure Lurra» witxi hizkuntzan) Jatorrizko Komunitateen Erakundeari emango zizkiola agindu zuen Gobernuak, baina ez zuen hitza bete.

Eta hori guztia gutxi balitz, 1995ean, komunitateen iritzia kontuan hartu gabe, lurraldea Paraguai eta Boliviarekin lotzeko nazioarteko zubia eraikitzeari ekin zion Pilcomayo ibaiaren gainean. Handik hiru urtera jarri zuten salaketa indigenek.
Iaz Gortearen ordezkaritza batek Salta bisitatu eta bertatik bertara aztertu zuen auzia.

Egun hauetan ezagutarazi duen ebazpenean Gorteak hau exijitzen dio Argentinari: komunitate indigenen jabetza komunitarioa onartzea, kreoleak bertatik aldentzea eta datozen sei hilabeteetan indigenen eskubideak bermatze aldera hartuko dituen neurriak zehaztu ditzala.