LABek bat egin du Euskal Herria Baterak Aberri Eguna etxetik ospatzeko aldarriarekin, eta herritarrei dei egin die balkoiak ikurrina eta Nafarroako banderekin atontzeaz gain, langileen aldarrikapenekin ere bete ditzaten.
Sindikatuak onartu du Aurtengo Aberri eguna berezia izango dela, ez soilik Covid-19 gaitzak eragindako ezohiko egoeragatik, baizik Gobernu espainol eta autonomikoek egoera kudeatzeko hartutako erabakiek subiranotasunaren galera ekarri duelako iritzi baitu.
Ohar baten bidez, LABek gogorarazi du pandemiaren agerpenaren aurretik bazirela hainbat krisi nazioartean –krisi klimatikoa, autoritarismoaren gorakada, besteak beste– zein Euskal Herrian –Zaldibarko krisia, 21 langileren heriotza 2020an, kasurako–, eta horregatik piztu zirela, beste erantzunen artean, urtarrilaren 30eko greba edo pentsiodunen protestak.
Orain, «Covid-19aren pandemiak agerian utzi ditu eredu kapitalista heteropatriarkalaren keriak», LABen aburuz; «gaixoak artatzeko nahikoa osasun ohe eta baliabide ez dugula agerian utzi du, hamarkadetan zehar alderdi sistemikoek (EAJ, UPN, PP, PSOE) sektore publikoan eginiko murrizketak direla eta osasun sistema publikoa deskapitalizatu dutelako».
Sindikatuaren iritziz, koronabirusaren krisiak agerian utzi du «zerbitzu publikoak merkantilizatu eta pribatizatu» direla eta zaintzari begirako «ikuspegi integralik» ez dagoela. «Ezinbesteko ekonomia jarduerak soilik martxan jarraitzen behar-beharrezkoa den honetan, agerian geratu da nagusiki langile emakumeek, gehienetan baldintza prekarioetan, egiten duten lanaren garrantzia: garbitzaileak, saltokietako kutxazainak, adinduen zaintzaileak edo etxeko langileak», gehitu du.
Kritikatu du, bestalde, osasungintzan ari diren langileek «behar bezalako babes neurri egokirik gabe» jarduten dutela, haien eta artatzen dituzten pertsonen bizitzak «arriskuan» jarriz.
Kapitala eta Estatuak, indartsu
«Kapitala babestu eta Estatuak indartzeko salbuespen egoera ezarri dute», salatu du LABek. Gobernu espainiar eta frantsesak erabiltzen duten hizkuntza belikoa kritikatu du, esanez birus hau jendartea «diziplinatzeko» aukera gisa baliatzen ari direla.
Espainiar Gobernuak ezarritako «ezkutuko 155. artikuluaren aurrean», sindikatuak iritzi du Hego Euskal Herriko gobernuek ez dutela inolako erantzunik eman autogobernuaren defentsan; «ezinbestekoak ez diren ekonomia jarduerak ixteko erabakiaren aurrean, berriz, sutsu baino sutsuago ikusi ditugu afera horren inguruko erabakiak EAEn eta Nafarroan hartzearen alde».
Esan du, halaber, honek guztiak agerian uzten duela Urkulluk eta Chivitek bilatzen dutena «patronalaren neurrira egindako autogobernua dela», eta hartu dituzten neurriak, langileak babesteko baino, kapitala babesteko hartu dituztela gaitzetsi du.
Honen aurrean, herri burujabetza aldarrikatu du LABek, «ekonomiaren gaineko kontrol publiko eta soziala eskuratzeko; zaintza sistema integrala garatzeko; lan guztiak aitortu eta duinduko dituen langileen estatutu propioa osatzeko eta bizitzaren sostengarritasuna xede izango duen jendarte eredu feminista eratzeko», besteak beste.