Covid-19ak eragindako krisialdia kulturgintzan izaten ari den eraginez gogoeta egitea eta instituzioek sektorea sustengatzeko neurriak hartzea premiazkoa jotzen dute sortzaileek. Hala, apirilaren 21 eta 22an interneten kultur edukirik ez partekatzeko deia egin dute, egoeraren larria mahai-gainera eramateko.
Manifestua izenpetu duten 250 kulturgileak arduratuta daude pandemia sektorean izaten ari den ondorioekin. Kultur programazioak bertan behera uzteak berez behin-behinekotasunean bizi den sektorean arrakala berria ekarri duela uste dute. «Lehendik kulturgileen, batez ere sortzaileon egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du. Emanaldiak eta bestelako kultur lanak bertan behera utzi beharra modu latzean zigortzen ari da euskal kulturgintzaren ekosistema», ziurtatu dute.
Lakua entzungor
Kulturgintzako zenbait sektorek egoera arintzeko hainbat neurri proposatu dituztela ekarri dute gogora, eta instituzioetatik jasotako erantzunarekin kritiko azaldu dira: «Udal batzuek salbu, gainontzekoek muzin egin diote gure proposamenari. EAEko Jaurlaritzak, esaterako, ez duela kulturgintzaren ezaugarri bereizgarriei erantzuteko neurririk hartuko erantzun digu», salatu dute.
Lakuatik entzungor egin diote eskaerei, sektoreak dituen bereizgarriei erreparatu gabe eta krisialdi honetan kulturgintza jokatzen ari den rol aktibo eta garrantzitsua aintzat hartu gabe. Manifestuan bertan gogora ekarri dute sare telematikoetan eta hedabideetan zuzeneko emanaldiak, irakurketa aholkuak, dantza ikastaroak… eskaini direla, horietariko gehienak doan. «Sortzaileok egoeraren jakitun ari gara duguna herrikideekin eskuzabaltasunez partekatzen eta, oraingoan, trukean kulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu gura dizuegu», egin dute eskaria.
«Kulturak egiten gaitu herritar»
Hala, entretenitzea kulturaren balioetariko bat besterik ez dela nabarmendu dute, «kultur esperientziek eta kultur imajinarioek munduan leku bat egiten laguntzen baitigute, barne-mundua elikatzen digute, zentzuaren eraikuntzan laguntzen digute, gure buruaren eraikuntzan laguntzen digute, baita mundua ulertzen ere, trukea sustatzen dute, jolaserako espazioa sortzen dute, arakatzera gonbidatzen gaituzte eta, batez ere, komunitate bateko kide sentiarazten gaituzte. Hizkuntzak egiten gaitu pertsona, kulturak herritar», aldarrikatu dute.
Gauzak hala, antzezle, bertsolari, idazle, eskultore edota musikaririk gabeko mundu batean pentsatzeko gonbidapena egin diote jendarteari, eta, era berean, itxialdia amaitzean etorriko denaz hausnartzeko ere eskatu diote. Gogoeta bera exijitu egin diete instituzioei: «Erakunde publikoetan arduretan dauden alderdi politikoek euren burua kulturgintzaren ekosistematik kanpo kokatzen jarraituko dute edo gure parean eseriko dira proposatzen diegun bai urgentziazko mahai-teknikoan eta elkargune iraunkorrean guztion artean erabaki dezagun zer den estrategikoa euskal kulturgilearentzat eta zein neurri hartu behar ditugun helburu estrategiko horiek erdiesteko?», galdegin diete.
Hala, jendarteari eztabaida soziala bere egitea eskatzeaz batera, euskal instituzioei premiazko neurriak har ditzatela eta epe ertain-luzerako proposamenak plazaratu ditzatela exijitzen diete eta, azkenik, euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dutenei elkargunera batzera deitu diete.
Lehen ekimen moduan, apirilak 21 eta 22an greba digitala egingo dute. «Desagertu egingo gara, oihala beheratuko dugu eta gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzazuen», adierazi dute.
Manifestua izenpetu dutenen artean daude, besteren artean, Ainara Azpiazu ‘Axpi’ ilustratzailea; Amaia Agirre, Eli Pagola, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio bertsolariak; Eider Rodriguez, Gotzon Barandiaran, Kattalin Miner eta Mikel Antza idazleak; Amaia Remirez ekoizlea; Haizea Barcenilla arte kritikaria; Ismael Manterola artista; Alex Sardui, Aitor Gorosabel, Fermin Muguruza, Iban Urizar ‘Amorante’, Maite Arroitajauregi ‘Mursego’, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda edota Maite Larburu musikariak; Artedrama eta ATX Teatroa antzerki konpainiak; Mari Luz Esteban idazle feminista; ARTgia arte laborategia; dantzatik Baratza aretoa edota Ttarla dantza-taldea; Txakur Gorria sormen kolektiboa eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. Momentuz, orotara 250 sortzailek izenpetu dute manifestua. Sinatzaileen zerrenda eguneratua eta manifestua sarean ikus daitezke. Ekimen honen inguruan sortzen diren eduki berriak ere bertan zintzilikatuko dituzte.