NAIZ

Hamar lagun sendatu dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan; bi hil eta seik eman dute positibo

Orotara, herrialdeko zaharren egoitzetan bizi diren 64 pertsona sendatu dira, 127 hil eta 190 kasu positibo daude.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bizi diren 64 lagun osatu dira. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bizi diren 64 lagun osatu dira. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan hamar lagun gehiagok gainditu dute Covid-19 gaixotasuna azken 24 orduetan. Zoritxarrez, bi pertsona hil dira eta beste seik eman dute positibo koronabirusarekin. Hala, dagoeneko 64 adineko pertsona sendatu dira; esan behar horietatik bost Donostiako Gurutze Gorrian zeudela, osasun egoera delikatuaren ondorioz, eta bueltan eraman dituztela bueltan euren egoitzara, Tolosako Iurreamendira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Eider Mendoza bozeramaileak esan duenez.

Bestalde, bi lagun zendu dira azken orduetan: Eibarko Egogain egoitzan eta Zumarragako Argixaon, eta sei gehiagok eman dute positibo Covid-19an. Orotara, Gipuzkoako adineko pertsonen 65 egoitzotan, 127 pertsona hil dira eta 290ek positibo kasu daude eta 64 sendatu dira. Oraindik 16 egoitzatan ez dago kasu positiborik; bestetik, 41 lagun Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan daude eta 35ek ospitalean jarraitzen dute.

Desgaitasuna duten pertsonen zentroei dagokienez, kasu positiboak zituzten lau zentroetatik bitan dagoeneko ez dute inolko kasurik: Hondarribiako Uliazpin, zeinetan 13 positibo zeuden, eta Donostiako Berri 1en, non pertsona batek eman zuen positibo. Bi dira gaur egun kasu positiboak dituzten egoitzak: Donostiako Uliazpiren zentroan bat, eta Donostiako Izan beste bat, kutsatu ziren bietatik bat behintzat sendatu baita.

Beste alde batetik, bozeramaileak jakinarazi du azken egunean hainbat inspekzio egin direla Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Osasun Sailaren eskutik, Aita Menniren aldetik aholkularitza teknikoaz gain, zentro hauetan: Aldakonea (Donostia), San Pedro (Pasaia), Santiago (Villabona), San Juan Bautista (Andoain), San Gabriel (Hondarribia), Inmanulada (Irun), San Jose (Azkoitia) eta Gisasola (Zestoa). Era berean, desinfekzioak egin dira ostiralean Arangoitin (Beasain) eta San Josen (Ordizia), eta San Andresen (Eibar) zein Santa Cruzen (Legazpi) egingo dira larunbatean, foru suhiltzaileen eta Donostiako Udalekoen, DYAko boluntarioen eta ekipo profesional berezituen eskutik.

Loiuko aireportuarekin konexioaren etena

Covid-19aren egoeren bilakaerari lotuta, hil honen 20tik aurrera, abisu berririk izan arte, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak erabaki du bertan behera utziko dituela Lurraldebusen autobus-lineen zerbitzu hauek: Bilboko Aireportura, DO50B Donostia>(Zarautz)>Bilboko Aireportua eta DG56B Arrasate>Bilboko Aireportua.

Dena den, aurre erosketa bidez, apirilaren 20an linea horietakoren bateko zerbitzuren batean bidaiatzeko txartela eskuratu duten pertsona guztiek bidaia egin ahal izango dute.

Atzeratu ezin daitezkeen egoeren ondorioz bidaiatu beharrean dauden pertsonek, Lurraldebusen Bilborako linea eta Bilboko Aireportura joateko Bizkaibusen A3247 linea erabiliz egin ahalko dute.