Sarek larunbat honetan argitaratutako oharrean Europako zenbait erakundek gobernuei eta estatuei presoei buruz helarazitako gomendioak gogoratu ditu. Hain zuzen, gomendio horien bidez eskatzen zen kartzelatik ateratzeko adin handiko presoak, gaixotasun larriak dituztenak edo kondenaren zati handi bat beteta dutenak.
Sarek salatu duenez, Espainiako Gobernuak eta bere justiziak «ez dute aintzat hartu» Nazio Batuek edo Europako Kontseiluak neurriak hartzeko egindako eskaera. Gainera, Espainiako Gobernuak kartzeletan gertatzen ari denaren inguruan duen «opakutasuna» salatu du ere.
Horren arira, euskal presoak dauden kartzela batzuetan koronabirusa «gogor» sartu dela baieztatu du Sarek, hala nola, Picassenten, Brievan, Cordoban edo Estremeran, non euskal preso ugari dauden.
Era berean presoen egoera larriagotu dela nabarmendu du. «Gaur egun, presoak, oro har, mundutik erabat isolatuta daude; ez daukate komunikazio arruntik ez apartekorik. Baina euskal presoen egoera are gogorragoa da, ez baitaukate senideei bideo-deirik egiteko aukerarik, eta horrek areagotu egiten du kanpokoen eta barruko osasun-egoeraren inguruan sortutako kezka eta angustia». adierazi du.
Halaber, gurasoak preso dituzten 100 baino gehiago umeentzat egoera «oraindik gogorragoa» dela adierazi dute, «egoera normalean sakrifizio handia da haientzat hain distantzia luzeak egitea, baina beti dute elkartzeak edo elkar ikusteak eragiten duen poztasuna. Baina, orain, aurrez aurreko komunikazioak kenduta edo bideokonferentziak erabiltzeko aukerarik gabe, umezurtz daude baterako. Alferrikako krudelkeria da, eta kofinamendu bikoitza dakarkie alde biei».
Egoera honen aurrean, Sarek gaixotasun larriak dituzten presoak, adin handikoak direnak eta kondenaren hiru laurdenak aspaldi bete zituztenak aske uzteko eskatu du berriro ere.