Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako zahar etxeen egoeraren berri eman du. Adierazi duenez, azken bi egunetan 10 pertsona hil dira, 34k eman dute positibo eta 38 sendatu dira.
Ehundik gora dira mediku alta jaso duten adinekoak, 102 dira dagoeneko, baina 137 dira, ordea, hil diren lagunak eta 276 diagnostiko positiboarekin daudenak. Gipuzkoan, 5.425 pertsona artatzen diren 65 egoitzako saretik, 16 izaten jarraitzen dute kasu positiboak dituzten zentroak.
Azken orduetan gaixotasuna gainditu duten pertsonak ondorengo egoitzetan bizi dira: Beasaingo Arangoitin (1), Eibarko Egogainen (15), Tolosako Iurreamendin (14), Eibarko San Andresen (1), Irungo Caser Residencial Anakan (3) eta Zarauzko Santa Anan (4). Beste muturrean, azken heriotzak eman diren egoitzak izan dira San Andres (2), Ordiziako San Jose (1), Santa Ana (2), Zumaiako Otezuri (2), Donostiako Berra (2) eta Egogain (1).
Bestetik, 42 lagun daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan ingresatuta eta 36 ospitaleratuta. Desgaitasuna duten pertsonen egoitzen egoerari dagokionez, bi izaten jarraitzen dute birusak eraginda dauden pertsonak, Donostiako Iza eta Uliazpiren zentroetan.
Araban bi lagun hil dira, eta 66 sendatu dira herrialdeko zahar etxeetan. Koronabirusak sortutako osasun krisia hasi zenetik, guztira 133 pertsona hil dira zahar etxeetan. Haietarik, 73 zentro pribatutan bizi ziren, beste 58 foru egoitzetan. Gainerako 2ak udal zentroetan bizi ziren. Igo da ere pertsona kutsatuen kopurua, guztira 356 adinekoak gaixorik daude.