NAIZ

Bost hildako eta 13 positibo gehiago Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan

Bost lagun gehiago hil dira, 13k eman dute Covid-19n positibo eta beste hiru gehiago sendatu egin dira azken orduetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.

Suhiltzaileak Intxaurrondoko Txara 2 egoitzaren desinfekzio lanetan. (Jagoba MANTEROLA/AFP)
Suhiltzaileak Intxaurrondoko Txara 2 egoitzaren desinfekzio lanetan. (Jagoba MANTEROLA/AFP)

Bost lagun gehiago zendu dira, 13k eman dute Covid-19n positibo eta hiru gehiago sendatu dira azken orduetan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan, Foru Aldundiak astearte honetan jakanari duenez.

Datu hauek ezagutu ondoren, 5.425 pertsona artatzen diren 65 zentroetako sarean, guztira 146 dira hil diren pertsonak, 279 diagnostiko positiboarekin daudenak eta 106 gaixotasuna gainditu duten adinekoak.

Azken heriotzak GSR Aretxabaleta (1), Donostiako Berra (1) eta Zumarragako Argixao (3) zentroetan gertatu dira. Mediku alta jaso duten pertsonak, berriz, Eibarko San Andres egoitzan (2) eta Eskoriatzako Jose Aranan (1) bizi dira.

Aitzitik, kasu positiboak dituzten egoitzak 16 dira oraindik ere. Horietatik 42 lagun daude ingresatuta Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan eta 35 ospitalean.

Bestalde, suhiltzaileen foru zerbitzuak desinfekzio eta garbiketa lanekin jarraituz, gaur berriro Eibarko San Andres eta Egogain, eta Hondarribiko Uliazpi egoitzak desinfektatu ditu.

Kasu positiboak, susmagarriak eta negatiboak banatu

Halaber, zentroen eskari eta beharrei erantzunez, Aita Menniko ekipo profesionalek aholkularitza tekniko zerbitzu indibidualizatua ematen diela egoitza bakoitzari nabarmendu du Aldundiak. batez ere, zentroen sektorizazioari begira, hau da, kasu positiboak, susmagarriak eta negatiboak gune ezberdinetan bananduz.

Sektorizazioa Aldunditik eta Osakidetzatik martxoaren hasieran egoitza zentroetara bidalitako protokoloetan jasotako neurrietako bat da. Zentroen eraikinen ezaugarri fisikoak eta estrukturalak ezberdinak izanik, Gipuzkoako Foru Aldundiak beharrezkoa ikusi du aholkularitza tekniko zerbitzu indibidualizatua eskaintzea egoitza zentroei.

Era horretan, eta Aita Menniko Ospitaleko ekipo profesionalen eskutik, egoitzei laguntzen zaie planteatzen dituzten beharrei erantzuna emanez. Ekipoek Gipuzkoako egoitza guztiak bisitatu dituzte dagoeneko eta hemendik aurrera ere zentroen eskari guztiei erantzuna eta laguntza indibidualizatua ematen jarraituko dutela gaineratu du Aldundiak.