NAIZ

Espetxeetako ateak irekitzen ari dira, Mexikotik Iranera, Covid-19a aurre egiteko

Egoera larri-larria sortzen ari da Covid-19a mundu osoko espetxeetan. Eta ez da hemen «lehen» eta «hirugarren» munduaren arteko ezberdintasunik: Estatu Batuetan, Ohioko kartzela batean presoen %73a kutsatu egin da. Hori dela eta, presoak askatzeko joera agertzen ari da nonnahi.

Preso bat, laguntza eske Chicagoko espetxe batean. (Kamil KASZCINSKY | AFP)
Preso bat, laguntza eske Chicagoko espetxe batean. (Kamil KASZCINSKY | AFP)

Pandemiak egoera latza sortzen du espetxe barruetan; Europan, Amerikan edota Asian, berdin. Izatez, konfinamendua da kartzelen ezaugarri, baina masifikazioa eta higiene arazoak ere osagarri ditu, eta ondorioz birusak sartzerik ez duen tokietan ia bizimodu normala egin daiteke, baina behin barruan dela azkar-azkar hedatzen da infekzioa.

Zer egin honen aurrean? Herrialde oso ezberdinetan –Herbehereak, Iran eta Mexiko kasu– argi dute: kartzeletako ateak ireki, ahalik eta preso gehien kalera atera daitezen eta arrisku maila jeitsi dadin.

Arrisku horren seinale ematen du gaur bertan Estatu Batuetatik heldu den datua: Ohioko Marion hirian den espetxean presoen %73a kutsatu egin da. Covid-19ko probak egiterakoan, 1.828 presok positibo eman dute, bai eta 109 funtzionariok ere.

Atlantikoa zeharkatuz, Marokoko Ouarzazate hirian 126 funtzionarietatik 60 gaixotu ditu birusak. Presoei buruz datu garbirik ez da, baina pentsa daiteke...

Presoak matxinatu egin dira kontinente ezberdinetako kartzeletan, pandemiak arrisku handiko egoeretan jartzen dituela salatzeko. Italian gertatu zen duela jada hilabete eta erdi, sei hildako eraginez; Argentinan ere jazo da orain, beste sei hildakoren balantzearekin; eta Txilen, Kolonbian...

Gauzak honela, Europan Herbereetan, Amerikan Mexikon, Asia aldean Iranen eta Afrikan Etiopian eta Libian, adibide batzuk emateagatik, presoen kopurua nabarmen jeisteko urratsak eman dituzte.

Herberehetan, zehaztu behar da aurretik jada espetxeetako populazioa asko jeitsi dela azken urteotan. 2005. urtean 14.468 preso zituzten eta orain 8.245 dira.

Mexikon, Andres Manuel Lopez Obradorrek bultzatu duen amnistia legeak atxekimendu handia lortu du legebiltzarrean: 68 boz alde eta 14 aurka. Delitu arinak (lapurreta txikiak esaterako) egiteko akusaziopean kartzelaratutakoak kaleratuko ditu, espetxe barruetan pandemiari era eraginkorragoan aurre egiteko asmoz: 6.000 inguru izan daitezke.

Irani dagokionez, milaka presori kaleratzeko baimena eman zitzaion infekzioaren lehenengo egunetan, eta orain luzatzea erabaki berri dute, bigarren aldiz, maiatzaren 20a arte gutxienez.

Turkiako Gobernuak 100.000 preso kaleratzeko aukera aipatu du, helburu berdinarekin, baina errepresaliatu politikoak ez dituela askatuko argi utziz: ustelkeria kasuengatik zigortutako asko, aldiz, kalean dela salatu da. Honetan Estatu espainola eta frantsesaren pare kokatzen da Ankara, bi hauetan euskal presoak espetxeen populazioa arintzeko neurrietatik kanpo gelditzen ari batira. Estatu espainolean, hirugarren graduan diren ehunka presori banan-banan kartzelara lo egitera ez bueltatzeko baimena ematen ari zaio, baina EPPKko bakarra zen egoera horretan: Gorka Fraile durangarra.