Koronabirusak eta alarma egoerak etxean itxita gaituen egun hauetan, ugariak dira elkartasuna eta itxaropena helarazteko ikusten ari garen mezu eta ekimenak.
Atarrabiako Paz de Ziganda Helduen Abesbatzak ere bere aletxoa jarri nahi izan du eta horretarako bideo mosaiko kolektibo bat grabatu dute. «Bereziki elkartasuna erakusteko okerren pasatzen ari diren pertsonei eta musikaren bidez animatu nahian-edo. Asko dira gure inguruan gaixotasunak kaltetutako lagunak», jakinarazi dute.
«Taldean abestea ezinezkoa zaigun garaiotan, honatx zuentzako gure ekarpen xumea: gu guztion onerako lan egiten duzuenentzako eta senide edo lagun hurkoa galdu duzuenentzako kontsolagarri izan daitekelakoan; hori da, guretzako, garrantzitsuena eta nahikoa», gehitu dute.