Ane URKIRI

«Mendeku gosez den itxialdi hori amaitzeko» garaia dela aldarrikatu dute ‘Etxetik Etxera II’ saioan

‘Etxetik Etxera II’ saioan ipuin baten bitartez euskal preso eta deportatu politikoen egoera eta hauen familiaren bizipen ezberdinak batu dituzte, «mendeku gosez den itxialdi horrek amaiera» behar duela aldarrikatzeko. Anaiz Funosas Bakegileak eta Olivier Peter Europako abokatuak azalpen batzuk eman dituzte.

Konfinamendu egoera honetan martxoko eta apirileko azken ostiralak etxean harrapatu dituzte euskal herritarrak eta preso dauden senide edo lagunak bisita gabe geratu dira. Jada latza den egoera honen larritasuna samurtze aldera, Sare Herritarrak elkartasun saioak egin ditu. Martxoaren 27an egin zuen lehenengoa eta ostiral honetan osatu dute bigarrena.

Sormenarekin estuki lotua egon da bigarren saioa ere, baina errealitatea bere alderdi gogorrenean ere ageri da. Anaiz Funosas Bakeaen Artisauak argi adierazi du Estatu frantsesak, martxoaren 25ean iragarritako neurriei erreparatuta, ez duela inongo asmorik «kondena ertain eta luzeak dituzten presoak askatzeko» konfinamendu garai honetan.

Espetxeetan dagoen gainpopulazioari aurre egiteko kondena motzak eta behin-behineko zigorrak dituzten presoak hartzen dituzten kartzelak husteko planteamendua egin zuen Emmanuel Macronek, lege «antiterroristapean» kondenaturikoak eta zigor luzeak dituztenen egoera inolaz ere baloratu gabe.

Hala, euskal presoen kolektiboan dauden sei kidek kanpoan behar luketelakoan da Funosas, 60 urtetik gora eta patologiak dituztelako. Larriki gaixo dagoen Ibon Fernandez de Iradi, 30 urte espetxean daraman Xistor Haranburu eta bakartua dagoen Lorentxa Beyrieren kasuak gogoratu ditu. Bere esanetan, azken hilabeteetan, Fiskaltza Antiterrorista jokoan sartuko ez balitz, preso horiek kanpoan egon beharko lukete, baldintzapeko askatasunean edo zigorra deuseztatuta.

Konfinamendu garaiotan herria mobilizatzeko ezintasuna ikusita, biharamunean erronka badagoela azpimarratu du: «Salbuespenezko neurri horiekin bukatzea izan behar da erronka».

Europako abokatu Olivier Peterrek, bestalde, nabarmendu du Estatu frantses zein espainolak jaso dituztela Nazioarteko Erakunde ezberdinen aholkuak –espetxeetako gainpopulazioa jaistera bideratuta–, hala nola Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen arduradun Michelle Bacheletek eginiko eskakizuna.

«Badirudi presoak ez direla beraien lehentasuna», adierazi du Peterrek, Emmanuel Macron eta Pedro Sanchezen gobernuei zuzenduta.

«Ikusten ez bagaituzte, ez gaude?»

Itzi Gameroren ipuin baten bitartez preso, deportatu eta hauen familien egoera ezberdinak laburbildu dituzte. Zigor ia osoa betea duen 60 urtetik baino gehiago duen presoa, «gaitza ere harrapatu» duena eta bista berarengandik urruntzen hasia dagoenarena.

«Zein helbururekin? Inork ez ikustea? Ikusten ez bagaituzte, ez gaude?», galdetzen du presoak. «Hemengo usainak ahanzturarako kondena dira».

Deportatua dagoenaren bizipenak ere erakutsi dituzte, postal edo mezu bidez gordetako oroitzapenetan. Laguna ikusteko «hegaldi bat eta bi eta autobus zahar bat hartu» beharrean dagoena.

Asfaltu gainean, kotxez edo autobusez, pasa dituen orduak kontatu ez duenik ere bada, gehiegizkoak direlako, gogoz kontra egindako bidaiak izan direlako: «Iparra galarazi diezazuke bidaia asko egiteak». Burua beti espetxean duena, «han eta hemen bizi gara. Urduri, beti adi. Normaltasun egoera bilakatu da gugan alarma egoera».

«Bada garaia mendeku gosez den itxialdi horri ere bukaera emateko», kontatzen du ipuinean giltzarri den ispiluaren «leiho» horiak, eta berdeak besarkaden indarrez jabetzen gaitu.

Besarkadek «gaixo dagoena senda dezake, bakarrik dagoenaren bihotz uzkurtua koloreztatu dezake», gogoratzen du behin aitak kontatu ziola gurasoak preso dituen haur batek.

Karriketan ez baina bai leihoetan

Karrikak zarataz ezin beteta gauden honetan, balkoi eta leihoetan protesta egitera deitu dute Sare Herritarrak eta Etxeratek. Zehazki, leihoak zabaldu eta etorkizun berri bati hiru txistu jotzera animatu dituzte herritarrak. Ekintza bideoan grabatu eta sare sozialen bitartez elkarbanatzera ere animatu dituzte.