EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari alderdi guztiak batuko dituen krisi-mahai bat osatzeko eskatu dio, «salbuespen egoerak pertsonen osasunean, gure jendartean eta ekonomian izango dituen ondorioei aurre egiteko».
Koalizioak ezinbestekoa deritzo pandemiaren eraginari «adostasunean eta elkarlanetan» ondutako erantzunak ematea; horregatik, Batzar Nagusien osteguneko ez-ohiko osoko bilkuran aurkeztuko du proposamena, bertan eztabaidatzeko.
EH Bilduk zehaztu du krisi-mahai horretan «berehalako» eta «epe ertaineko» neurriak hartu beharko liratekeela, eta talde subiranistak beharrezkoak ikusten dituen neurri horietako batzuk zerrendatu ditu, besteak beste: deskonfinamendua gauzatzeko pausoak adostu eta lantzea; lan-sektore guztiei laguntzeko lerro bereziak sortzea, gehien jasango duten sektoreentzako neurri bereziak edota bitartekari lanak egitea bere egoera leuntzeko; irekita egongo diren dendentzako protokoloak lantzea; kalean bizi diren pertsonentzako eta bakarrik bizi diren pertsonentzako berehalako erantzun zehatzak hartzea; haur eta nerabeen zaintzarako gomendioak eta proposamenak zabaltzea; telefonoak aktibatzea, arlo bakoitzeko informazio zehatza emango duena eta eragile nagusiekin elkarlana eta informazio trukea bultzatzeko kontaktu jarraitua edukitzea.