Ainhoa Tirapuk futbola utziko du denboraldi amaieran. Atezain nafarrak bere karrera luzea amaitzea erabaki du eta ez du bere kontratua berrituko. Erabakia jakitera eman bezain laster, futbola «zelaian uztea gustatuko» litzaiokela onartu du «baina bizi dugun egoera honek ez dakit posible egingo baduen. Ezin da jakin Liga bueltatuko den ala ez eta horregatik horrela egitea erabaki dut». «Uste dut zure guztia ematen duzunean eta husten zarenean, harrobiari lekua uzteko unea dela eta horregatik agur esatea erabaki dut», gaineratu du.
35 urteko baraindarra Lagunaken eskutik hasi zen futbolean. Elastiko horiarekin Lehen Mailara igoera lortu ondoren, bere atea defendatuz estreinatu zen elitean. 2005ean maletak egin zituen Lezamara joateko eta bertan eman ditu azken denboraldiak. 358 partida, 2 Liga, 2 Kopako finalak, kapitainaren besokoa… Tirapu Athleticen sinboloetako bat bilakatu da. Eskerrak, hala ere, berak eman nahi izan dizkie klub zuri-gorria osatzen dutenei. «Eskerrak ematera nator –esan du agurra azaltzeko kaleratu duen komunikatua hasteko–. Athleticen pertsona bezela hazi naiz zuen eskutik helduta. Zuen indarrak indartsuagoa egin nau. Zuen animoak hegan egitera eraman naute. Beraz, bakarrik eskerrak eman ditzaket». «Kamiseta hau jantzi dudan bakoitzean, ehuneko ehuna eman dut eta asko gozatu dut», adierazi du.
Athleticekin egindakoaz gain, nazioarteko mailan ere esperientzia politak bizi izan ditu Tirapuk. Esaterako, selekzioarekin jokatutako dozena erdi partidak. Gainera, 2013ko Europako Txapelketan parte hartu zuen eta baita Españako selekzioak lehen aldiz jokatutako Munduko Txapelketaren (Kanada 2015) sailkapeneko fasean eta txapelketan beran parte hartu zuen ere. Orain dela egun batzu aitortu zuenez, horixe izan zen bere bizitzako esperientziarik gogorrena eta, aldi berean, aberasgarriena, sailkapena lehiatzen zuen bitartean, Athleticekin entrenatu eta lehiatu, lan egin eta masterra (Kimikan lizenziatua da) gainditu baitzuen ere.
Kanadako Munduko Txapelketaren bueltan, Españako selekzioaren barnean, Ignacio Quereda hautatzailearen metodoen eta Federazioak emakume futbolariei eskeintzen zizkieten baldintza penagarrien kontra sortutako mugimenduaren aurpegietako bat izan zen. Aldarrikapen haiek hobekuntzak ekarri zituzten baina hainbat jokalarien nazioarteko karrerarekin amaitu zuten ere. Tirapurenarekin, besteak beste. Ez da Españako selekziora itzuli, 15/16 denboraldian –Athleticekin azken Liga eskuratu zuenean–, Ligako gol gutxien jaso zuen atezaina izan bazen ere.
Ez da izan nafarra aldarrikapen bati izena eman dion azken aldia. Euskararen aldeko hainbat ekimenetan parte hartu izan du, besteak beste, baita euskal selekzioen ofizialitatearen aldeko ekimenetan ere. Baina batez ere, emakume futbolarien borrokan izandako protagonismoagatik nabarmendu da. AFEko Emakumezkoen Futboleko Komitearen presidenteordea izanez, partehartze zuzena izan du otsailean hitzarmenaren sinadurarekin amaitu ziren negoziaketa luzeetan.
Lan hori ez da zama txikia izan, kirol mailan ere zaila izan den azken denboraldi honetan. Andrea de la Nava heldu berriak entrenatzailearen konfiantza merezi izan zuen Liga hasieran eta bostgarren jardunaldira arte Tirapu ezin izan zen atean jarri. Are gehiago, azaroan orain arte izan duen lesio larriena sufritu zuen, atzamarra apurtuz entrenamendu baten. Bi hilabete eman zituen zelaitik kanpo horren ondorioz. Egoerari buelta emateko gai izan zen eta urtarrilean zelaira itzuli zen, postua bereganatuz, baina koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, lau partida besterik jokatu ezin izan ez zituen.
Egoeraren garapenak esango du zelaitik agurtu ahal izango baden. Eta Tirapuk berak erabakiko du non egongo den bere etorkizuna. Momentuz, argi duena zera da: «hemendik aurrera harmailera igoko naiz zuekin batera gure kluba babestera eta bultzatzera. Eskerrik asko eta aupa Athletic!».
Athleticek Ainhoa Tirapuri dedikatu dion bideoa: