Asier ROBLES

Maiatzaren Lehena, kaleetatik balkoietara eta atriletatik pantailetara

Koronabirusa geldiarazteko ezarritako konfinamenduak eragotzi egin du, aurtengo Maiatzaren Lehenean, kaleetan ohiko mobilizazio handiak ikustea, baina horrek ez du langileria geldiarazi. Auto karabanak, aldarrikapenak balkoietan eta modu telematikoan igorritako mezuak izan dira ostiral honetan, besteak beste.

Maiatzaren lehena balkoietan. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
Maiatzaren lehena balkoietan. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Maiatzaren Lehena ezohikoa izaten ari da aurtengoa. Koronabirusaren pandemiaren hedapena gelditzeko ezarritako konfinamendua dela eta, ostiral honetan ez dira mobilizazio handiak ikusi kaleetan. Hala ere, aldarrikapenak ez dira desagertu: balkoietara eta sare sozialetara eraman dira gehienbat.

Euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta ETXALDE) indarrak batu ditu aurten eta irudi komuna partekatu du herritarrei balkoietan jartzeko dei eginez. Euskal Herriko txoko askotako balkoi eta leihoetan ikusi ahal izan da irudia, bai inprimatua, bai aldarrikapen pertsonalekin marraztua.

«Maiatzaren Lehena modu koloretsu batean aldarrikatu eta ospatu nahi dugu. Kapitalak marraztu nahi digun etorkizun beltzaren aurrean, guk bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna marraztu nahi dugu, etorkizun koloretsu eta dinamikoa», adierazi dute sindikatuek. Horretaz gain, sindikatu bakoitzak bere ekimen propioak gin ditu.

LAB

'Bizitza erdigunera, gure lanak mundua eraldatzen du’ lelopean ospatu du aurtengo Langileen Nazioarteko Eguna LAB sindikatuak, eta «kapitalaren interesen gainetik bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri bat» aldarrikatzeko baliatuko du eguna.

Goizeko 10.00etan hasi da LABen lehenengo ekimena, kotxe karabanek EAEko eskualdeak zeharkatu dituzte langileei «elkartasuna eta errekonozimendua» adieraziz. LABek Nafarroan aurreikusita zituen lau karabanak debekatu egin zituen atzo Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Gaur Donostiakoa eta Oreretakoa ere debekatu dituztela salatu du LABek.

Ekitaldi nagusia 12.30ean izan da, modu telematikoan sindikatuaren Youtubeko kanalean. Ulises Guliarte Kubako Langileen Zentraleko idazkari nagusiak agur internazionalista egin ostean, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak hartu du hitza.

«Indarrean dagoen eredu kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida honek ezinezkoa bilakatzen du bizitza duina. LABek Kapitalaren boterea fronte guztietan borrokatuko du: enpresetan, kalean eta instituzioetan», nabarmendu du.

Arratsalderako mahainguruak, dokumentalen proiekzioak eta hitzaldiak antolatu ditu LABek.

ELA

‘Bizita gara! Lo Nuestro. Lo Esencial. Lo de Tod@s.’ izan da ELA sindikatuaren aurtengo leloa, eta koronabirus pandemiak eragindako krisiak «kapitalismoaren porrota eta erantzun kolektiboen beharra» agerian utzi duela aldarrikatu du.

12.00etan egin du ELAk ekitaldi nagusia, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren adierazpen telematikoarekin. Lakuntzak «lidergo publikoa» eskatu du ekonomian eta gizarte politiketan, «zerbitzu publikoak indartzeko, funtsezko sektoreetako lan-baldintzak hobetzeko edo enplegua bultzatzeko».

Bere hitzetan, «langile-klasearen osasuna defenditzea da uneotan gure lan sindikalaren erabateko lehentasuna, eta hala izango da ere jarduerari berriz heltzen diogun heinean», berretsi du.

ESK eta Steilas

ESK eta Steilas sindikatuek elkarrekin ospatu dute aurtengo Maiatzaren Lehena 'Capital VS Vida' lelopeko kanpaina aurrera eramanda. Ekitaldi nagusia Youtube bidez egindako 'Sembrando vida en el Confinamiento' izeneko mahai-ingurua izango da.

Bestalde, Iruñean sei laguneko elkarretaratze sindikal estatikoa egin dute ESK, Steilas, CGT eta Solidari sindikatuek Recoletas plazan 11.50ean. Hemen ikusi da sindikatuen arteko elkartasun keinuetariko bat. Izan ere, LAB elkarretaratzera gonbidatu dute, sindikatuak Nafarroan aurreikusita zituen mobilizazioak debekatuak zeudelako.

CCOO eta UGT

CCOOk eta UGTk ere elkarrekin ospatuko dute Maiatzaren Lehena 'Lana eta zerbitzu publikoak, beharrezkoa da beste eredu sozial eta ekonomiko bat’ lelopean, eta irudi eta mezu aldarrikatzaileak sare sozialetara igotzeko deia egin dute, «manifestazio birtuala» egiteko #YoSoyPrimerodeMayo hastag-arekin.

Halaber, sindikatu bakoitzak bere mezu propioa eman du. Loli Garcia EAEko CCOOko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, osasun krisiak argi utzi du «funtsezkoena gizarte hau mantentzea bermatu duten langile guztiak» direla.

Aldarrikapenen artean, Garciak «osasunean lan egiteko eskubidea» jarri du lehen postuan, eta ondoren, «Sektore produktibo osoan enplegua mantentzea».

EAEko UGTko Raul Arza idazkari nagusiak «lan segurua» eskatu du, eta eta ERTE sistemak alarma egoeratik haratago jarraitzea, «ahalik eta lanpostu gehien bermatzeko eta mantentzeko».

Arzak zerbitzu publikoak ere defendatu ditu: «Enpresa pribatuen eskuetan jartzen ditugun funtsezko zerbitzuei buruz hausnartu beharra dago».

Ipar Euskal Herria

Aurten ere indarrak batzea erabaki dute CGT, LAB, Bizi!, Aitzina eta Egiazko Berdintasunaren Alde kolektiboak Ipar Euskal Herrian. 11.50ean balkoiak eta leihoak aldarrikapenez betetzera deitu dituzte herritarrak. Era berean, norberak eginen duen ekimena filmatu eta sare sozialak #M1etxetik mezuekin betetzera animatu dute jendea.

Ernai Bilbo

Ernai Bilboko kideek, Langileen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko ekimen desobedientea egin dute Bilboko Plaza Berrian.