NAIZ

Seaskako kolegioetako zuzendariek Estatu frantsesak ikastetxeak zabaltzeko plana salatu dute

Seaskako kolegioetako lau zuzendariek «mailakako itzulera» horren gabeziak azpimarratu dituzte gutun baten bitartez, egoeraren kudeaketa on baterako «ezinbesteko beharrak ez direlako kontutan» hartzen eta «gehienez 15 ikasleko gelak» atontzeko «baliabiderik ez ez zaielako ematen».

Seaskako zuzendariek gabezia dezente topatu dituzte Estatu frantseseko «mailakako itzulera» planetan. (GuiIlaume FAUVEAU)
Seaskako zuzendariek gabezia dezente topatu dituzte Estatu frantseseko «mailakako itzulera» planetan. (GuiIlaume FAUVEAU)

Maiatzaren 11 Estatu frantseseak ikastetxeak zabaltzekoak dira berriro. Alabaina, lanerako egoera behar bezalakoa ez dela begitanduta, Seaskako lau kolegioen zuzendariek, alegia Edurne Manterola, Céline Tourreuil, Eñaut Elosegi eta Mañolo Espeletek gutuna plazaratu dute hilaren 11tik aurrera ikasgelak zabaltzeko plana salatzeko.

«Lehen ministroak eta Hezkuntza ministroak maiatzaren 11tik goiti ikastetxeetara ikasleen ‘mailakako itzulera’ abiatuko dela aitzinatu berri dute. Eta ikastetxeetara itzultzeaz mintzatzen gara eta ez lanaren berriz hartzeaz, zeren eta konfinamendu garaian lana ez da eten: irakasle eta ikasleak telelanean aritu baitira etengabean», adierazi dute beren idatzian.

Estatu franseseko Gobernuak harturiko kontraesanak bistan aipatu dituzte ondoren. «Itzulera horretarako Gobernuak emandako ‘irtenbideen’ artean hauxe atzeman daiteke: hesi-neurriak zaintzeko asmoz, gelak gehienez 15 ikaslera mugatuko dira... jakinda kolegioetan batez beste 30 ikasleko gelak direla eta ondoko sartzean holako kopuruekin lan egin beharko dugula hain segur».

«Kolegioan, klasea bitan zatituz, irakasleek kurtsoa bi aldiz egin beharko dutela suposatzen da», argitu dute. Are gehiago, «telelanean geratzen diren ikasleen jarraipena segurtatu beharko dute ere. Beraz hiru lanpostu bete beharko ditu irakasle bakoitzak!», azpimarratuz.

«Agian ministroek lantaldeak indartzeko xedea dute? Bai zera! Berdin gertatzen da lokalen kudeantzaz arduratzen diren langileekin: garbiketa segurtatu beharko dute egunean zehar etengabean… baina zein bitartekorekin?», kexatu dira.

Hori gutxi ez eta, «Seaskan ondoko urtea prestatzen hasi beharra dugu oraino oren dotaziorik jaso izan gabe», ohartarazi dute. «Aldiz, azken urteotan geratu bezala, badakigu gelak kopuru handiekin lan egin beharko dugula».

Horregatik, «aitzinatuak izan diren neurriak salatu» dituzte lau zuzendariek, «alde batetik ez baitute egoeraren kudeaketa on baterako ezinbesteko beharrak kontutan hartzen eta bestetik ez baitituzte 15 ikasleko gelak antolatzeko baliabideak ematen».