NAIZ

«Jolasa eta harremanak debekatuak badira zertarako ikastolak irekirik?»

Hori da Ipar Euskal Herriko ikastolen Lehen Hezkuntzako irakasle eta laguntzaile talde batek pausatu duen galdera. Ostiral honetan Seaskako kolegioen lau zuzendariek plazaraturiko gutunarekin bat eginez, dozena bat ikastoletan jarduten duten 60tik gora langilek zabaldu duten agiri horretan badintzarik ez daudela maiatzaren 12tik aitzin eskolak irekitzeko nabarmentzen dute, haurren ongizatea eta irakasleen segurtasuna bermatuta ez daudelako.

Lehen hezkuntzako irakasleek gogor salatu dute gobernuaren egitasmoa. (Guillaume FAUVEAU)
Lehen hezkuntzako irakasleek gogor salatu dute gobernuaren egitasmoa. (Guillaume FAUVEAU)

Seaskako ikastetxeetako lau zuzendariek zentroak berriz zabaltzeko Gobernu frantsesak iragarritako egitasmoak dituen gabeziak azpimarratu zituzten, ostiral honetan, gutun baten bitartez.

Larunbat honetan gogoeta horrekin bat eginez, hala nola Basusarri, Hendaia, Urruña, Senpere, Bidarte, Azkaine, Kanbo, Hiriburu, Ahetze eta Baionako ikastoletan jarduten duen irakasle eta laguntzaile talde taldek idatzi berria zabaldu du.

Eskola itzuleraren erantzunkizunak zentroetako zuzendari eta hezitzaileen esku utziz «Estatuak eskuak garbitu dituela» salatu dute Lehen Hezkuntzan jarduten duten langile horiek.

Ekimenak lehenengo urratsak baizik ez dituela eman azaldu dio NAIZ-i Lapurdiko kostako ikastola batean lan egiten duen irakasle batek. Izan ere, oso ordu gutxitan 60tik gora sinadura bildu dituztela gehitu du.

Guraso eta irakaslen artean kezkak eta zalantzak nagusitzen diren honetan, ikastoletako langile horiek agerian utzi dute Estatu frantsesak eskolak irekitzeko erabakia hartu duela baina ez dagoela prest hautu horren ondorioak beregain hartzeko.

«Eskolak ireki ahal izateko, irakasleon erantzukizuna izango da osasun protokoloaren ezarpena, Estatuak eskuak garbitzen dituelarik», salatu dute.

Haurren eskolaratzea osasun berme guztiekin egin ahal izateko denbora eta baliabide eskas badirela agerian utzi dute. «Protokoloaren zirriborroak 63. orrialde ditu, eta, jakina denez, hein hontako protokoloak ezartzeko urteak eta baliabideak behar izaten dira edozein lantegitan», azaldu dute.

Aldiz, kasu honetan «astebeteko epea ematen digute irakasle eta gurasoei, kontuan hartu gabe osasun protokolo horren aplikazioan haurrak ere badirela», gaineratu dute.

Lehen Hezkuntzako hezitzailen esanetan, Parisko Gobernuak aurkeztu duen egitasmoak ez du inolako bermerik ematen haurren ongizate eta langileen segurtasunari buruz.

Lan presentziala eta urrutiko kurtsoak

Seaskako ikastetxeetako zuzendariek eginiko salaketarekin bat eginez, lan presentziala eta telelana bermatzea oso zaila ikusten dute lehen hezkuntzako irakaslek ea laguntzaileek.

Hezkuntza Ministerioak azaldu duenez, gurasoek aukeratu ahalko dute haurrak etxean atxikitzea edo eskolara bidaltzea. Ondorioz, lan jarduera bi horiek bermatzea irakasleen ardura izanen da.

Horretaz gain, lehen mailako hezitzaileen kasuan haurren zaintza, segurtasun neurrien aplikazioa eta ikasleek erabiltzen dituzten eremuen garbiketa asumitu beharko dituztela asumitu oroitarazi dute ere gutunaren sinatzaileek.

«Protokoloa bermatzea ezinezkoa zaigu, baliabide material eta pertsonalak eskasak direlako», nabarmendu dute.

Ikastolak ez dira presondegiak

Edonola ere, heldu den astean zentro bakoitzean hasiko den lan prestaketari begira, argiki adierazi dute baliabideen gaineko eztabaidatik haratago Gobernuak proposaturiko egitasmoak jasotzen duen zenbait eskakizun ez dutela onartzen. Beraien ustez, horrelako neurriak aintzat harturik «ikastolak presondegi edo koartel militarra bilakatuko litzatekeelako».

«Jolasa eta harremanak debekatuak badira zertarako ikastolak irekirik?». Galdera esanguratsu horrekin amaitu dute bere idatzia ikastoletako lehen hezkuntzako langileek.