NAIZ

Lurralde osoa astelehenean 1. fasera pasatzeko prest ikusten dute Lakuak eta Iruñeak

Lakua eta Iruñeko gobernuek asteazken eguerdirako bidali behar dizkiete Espainiako Gobernuari euren lurraldeak normaltasunerako bidean aurrera egiteko moduan ikusten dutela ondorioztatzera eraman dituen argudioak biltzen dituzten dokumentuak. Lurralde osoa astelehenean 1. fasean sartzeko prest ikusten dute.

Ustekaberik ezean, astelehenean jatetxe eta tabernek euren terrazak ireki ahal izango dituzte. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Ustekaberik ezean, astelehenean jatetxe eta tabernek euren terrazak ireki ahal izango dituzte. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Gasteizko eta Iruñeko Gobernuek prest ikusten dituzten euren lurraldeak, oso-osorik, Espainiako Gobernuak ezarritako baldintzak bete eta, astelehenetik aurrera normalkuntzaren 1. fasera igaro ahal izateko.

Asteazkeneko 14.00ak baino lehenago aurkeztu behar ditu lurralde bakoitzak bere eremuak baldintzak betetzen dituela ziurtatzen dituen argumentuak biltzen dituzten dokumentuak eta bai Lakuako bozeramaile Josu Erkoreka bai eta Carlos Artundo, Nafarroako Osasun zuzendari nagusia, ere ziur agertu dira aurrera egingo dutela.

«Fasez aldatzeko parametroak betetzen ditugu, aurrera egiteko moduan gaude», azaldu du Josu Erkorekak eta, bide batez, malgutze neurri hauek zonaldearen araberako «era berezituan» hartu beharko liratekeela aldarrikatu du. Erabakiak printzipioz probintziaka hartuko dira, nahiz eta autonomietako gobernuek baduten eskatzea beste banaketaren bat egitea egoeraren arabera, eta Eusko Jaurlaritzak EAEko herrialde bakoitzeko eskaera bat bidali beharko du, Nafarroak berea, eta Espainiako Osasun Ministerioak hartuko du azken erabakia.

Dena dela, Carlos Artundo, Nafarroako Osasun zuzendariak zehaztu nahi izan du Nafarroaren barruan «asimetria foralarekin» aritu ahal izango direla, hau da, herrialdearen barruan egoera desberdinak eman ahalko direla, zonalde bakoitzaren egoeraren arabera.

Ezinbesteko bi baldintza

Espainiako Gobernuak ezinbesteko bi baldintza ezarri ditu normaltasunerako prozesu honetan zero fasetik lehenera salto egin ahal izateko: bost eguneko epean 10.000 biztanleko zaintza intentsiboko unitatean (ZIU) 1,5-2 ohe artean edukitzeko gaitasuna izatea eta bestelako gaixoentzat 37 eta 49 ohe izatea. Honek kasu batzuetan pandemia hasi aurretik ospitaleek zuten gaitasuna bikoiztu edo hirukoiztea suposatzen duen arren, badirudi ez duela inolako oztoporik suposatuko, EAEn, datu ofizialik gabe, 500 baino gehiago leudekeelako eta Nafarroako Gobernuak ZIUetan dituen oheak bikoiztuko zituela, denera 120 izaterino, agindu baitzuen martxo amaieran.

Lehen fasera igarotzeak aldaketa handiak sortuko lituzke jendartearen egunerokoan, batez ere giza harremanei dagokionean. Izan ere, aurrera eginez gero, 10 pertsona arteko bilerak onartuko lirateke, etxeetan egin ahalko direnak, eta honek azken ia bi hilabeteetan ikusi gabeko senitarteko eta lagunekin elkartzea baimenduko du. Segurtasun neurriak ahaztu gabe, 400 metro karratu baino gutxiagoko denda guztiek ere ateak ireki ahal izango dituzte eta taberna eta jatetxeek euren terrazak, aforoaren erdiarekin. Gurtza lekuek ere, jarraitzaile mugekin, ireki ahal izango dute.