Lakuako Industria eta Garapen Sailak, asteazken honetan egingo den bilera batera deitu ditu sindikatuak eta patronala, «irizpideak trukatzeko, jardun ekonomikoaren sektore desberdinen egoera ikusteko eta deseskalatze prozesuaren estrategiari buruz aritzeko», LAB sindikatuak ohar batean azaldu duenez.
Arantza Tapiak gidatzen duen saila, sindikatu eta patronalaren arteko hirugarren bilera izango da hau. «Aurreko bietan eragile bakoitzaren ikuspuntua eskatzera mugatu ziren egoeraren irakurketari buruz, inongo proposamenik ekarri gabe, eta arlo sindikaletik egindako ekarpenei inongo jaramonik egin gabe», deitoratu du LABek. Sindikatuak kritikatu du aurreko bileretan Tapiaren helburu bakarra «argazki bat lortzea» zela.
Zentzu horretan, Lakuaren jarduna arlo sozial eta ekonomikoan «aldebakartasunean eta inposaketan» oinarritu izan dela salatu du LABek. Sindikatuaren arabera, bi egoera aurrean aurkitzen dira Euskal Herriko langileak; alde batetik, «Madrilgo Gobernua pandemia honen kudeaketa erabiltzen ari dela zentralizazioan pauso berriak emateko», eta beste aldetik, «Madril, Gasteiz eta Iruñean aldebakartasun eta inposizioak».
Beraz, LABek iragarri du biharko bileran parte hartuko duela. Hala ere, Lakuak sindikatuak egindako proposamenei jaramonik egiten ez badie, «LABek ongi aztertuko du hurrengo deialdietan parte hartzea».
ELAk ere parte hartuko du
ELA LABen aldarrikapenekin bat dator eta jakinarazi du bileran parte hartuko duela. Hala ere, sindikatu honek ere salatu du aurreko bi saioetan Lakuak Mahaiaren erabilera mediatikoa egin zuela. «Hedabideei informazio gehiago eman zien bileran parte hartu zuten erakundeei baino», azaldu du ELAk.
Bestalde, neurriei dagokienez, ELAk uste du Lakuarenak «oso berandu ari direla iristen, oso urriak direla, eta ez dituztela konpontzen lana galtzen duten edota ERTE-en eraginpean dauden milaka herritarren beharrizanak».