Arcelor Mittal enpresako zuzendaritzak bukatutzat eman ditu, ostegun honetan, Estatu espainoleko 8.000 langileei «arrazoi objektiboengatik» Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedientea (ABEE) aplikatzeko negoziazioak, sindikatuekin akordiorik lortu ezinda.
Azken bileraren ondoren, eta akordioa ixteko ezinezkotasunaren aurrean, sindikatuek enpresaren argudioak kritikatu dituzte.
LAB sindikatuaren ustez, «egindako bileren ondoren, nabarmenago geratu da ABEE horren beharrik ez dagoela». Ohar baten bidez, sindikatuak azaldu du «enpresak ez duela frogatu Covid-19ren ondorioz neurri berriak behar direnik», eta bere lana ez dela izan «Enplegu Erregulazio Espedientearen beharraz konbentzitzea eta sindikatuekin negoziatzea, kaleratzeekin mehatxatzea baizik».
Aldebakartasunezko erabakia
ELAk ere Arcelor Mittal enpresaren planteamenduak eta jarrera salatu ditu. Adibidez, sindikatu honek nabarmendu du «enpresak ABEEren baldintzak aldebakartasunez ezartzeko hartutako erabakia» eta «lantegien etorkizun industriala defendatzen» jarraituko dutela iragarri du.
LABek azaldu duenez, Arcelor Mittal enpresak Euskal Herrian zituen lanpostuen erdia suntsitu da 2009tik. Estatu mailan, «12.000 langile baino gehiago zeuden 2009an; orain, ordea, 8.000 baino apur bat gehiago daude eta 4.000 postu suntsitu dira», arbuiatu du sindikatu abertzaleak.