Grado Cero enpresa gasteiztarra bere ohiko ekoizpena alde batera utzi eta maskarak ekoizten hasiko da. Hondeatzaileen osagaiak ekoizteaz arduratzen zen eta, orain, instalakuntzak egokitu eta, datorren astetik aurrera, orduko 42.000 maskara egiteko asmoa dute.
Jundizeko industriagunean kokatu da enpresa eta bertako lantaldea 85 pertsonak osatzen dute. Makineria egokitzeko bi milioi euroko inbertsioa egin du. Guztira, Txinan egindako zazpi makina erosi ditu Javier Arakama buru duen enpresak maskaren ekoizpenean hasi ahal izateko.
Ekoizpen txikiagoarekin, Hernaniko kooperatiba bat ere maskaren ekoizpenean murgildu da koronabirusaren krisialdian. Hilean 10.000 maskara ekoizten hasi zen Bexen Medical. Honekin, Estatu espainoleko maskara ekoizle handiena bilakatu zen enpresa hau.
Grado Ceroren instalakuntzetara bertaratu dira asteazken honetan Lakuako Gobernuko lehendakari Iñigo Urkullu eta Osasun saileko sailburu Nekane Murga. Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere bertan izan da eta enpresaren ekimena eta «gizartearekiko erakutsitako eskuzabaltasuna» eskertu nahi izan du.
«Gasteiz bere industriari estuki lotuta dagoen hiria da, eta, horrelako kasuetan, lotura inoiz baino estuagoa da. Hemen tokiko industriaren adibide bat dugu, jarduera mantentzeko borrokatzeaz gain, bizitzak salbatzeko lanean ere badabilena, gure etorkizuna babestuz», adierazi du alkateak.