NAIZ

MUk bi milioi eurora arte handitu du ikasleentzako finantzaketa

Mondragon Unibertsitateak ezohiko finantzaketa plan bat aktibatuko du datorren ikasturtean. Bi milioi eurorainoko finantzaketa funts bat izango da, koronabirusaren inpaktuak eragindako familia guztientzat. Helburua da inor bertan ikasi gabe ez geratzea Covid-19aren eraginagatik edo beste edozein arrazoi ekonomikogatik.

Mondragon Unibertsitateko ikasleak. (MU)
Mondragon Unibertsitateko ikasleak. (MU)

Koronabirusaren inpaktuagatik edo beste edozein arrazoi ekonomikogatik inor ikasi gabe gelditu ez dadin ezohiko finantzaketa-plan bat jarriko du martxan Mondragon Unibertsitateak (MU) datorren ikasturtean.

Bi milioi eurorainoko finantzaketa-funts bat izango da, koronabirusak kaltetutako familia guztientzat.

Mondragon Unibertsitateak badu duela urte batzuetatik ‘Bekabide’ izeneko programa bat, gizarte-irisgarritasunari eta ikasketetarako finantzaketari buruzkoa. Programa horrek 530 ikasle eta familia baino gehiagori lagundu die azken hiru urteetan.

Erantzun pertsonalizatua

Bada, 2019-2020 ikasturte honetan, Mondragon Unibertsitateak ‘Bekabide’ indartu du, Covid-19ren krisiak eragindako ikasleei eta haien familiei zuzendutako ikasketak finantzatzeko ezohiko neurrien bidez. «Ezohiko finantzaketa-plan berri horiek modu pertsonalizatuan ari dira erantzuten krisi honen eragin ekonomikoa jasan duten familiek egindako eskaera guztiei», adierazi du MUk.

Finantzaketa-esparruak barne hartzen ditu matrikula-kuoten ordainketan geroratzeak, interesik eta errekargurik gabe, eta familia egoera bakoitzaren bilakaeraren arabera, ordainketak ikasketak amaitzetik haratago atzeratzeko aukera.

Onuradunen kopurua bikoiztu

2020-2021 ikasturterako diseinatutako plan berriak bi aldiz biderkatzen du programa arruntaren dimentsioa, eta, beraz, familia onuradunen kopurua bikoizteko gaitasuna izango luke. Datozen hilabeteetan ekonomiak izango duen bilakaeraren ziurgabetasuna dela-eta, Mondragon Unibertsitateak ikasketen finantzaketarako programen berezko baliabideak zabalduko ditu, eta «bertan ikasi nahi duen edonork ikasteko aukera» izango duela ziurtatuko du.

Bestalde, MUk aktiboki dinamizatzen ditu programa duala eta txandakakoa, bere enpresa aliatuekin lankidetzan. Programa horiek ikasketetarako laguntza-bekak dira, eta gaur egun 1.300 ikasle inguruk jasotzen dituzte.