Sei eta bosgarren mailako ikasleen (12 eta 13 urte) txanda zen gaurkoan Ipar Euskal Herrian. Frantziako Hezkunde Nazionalak «Harrera Pedagogikoa» izenez bataiatu zuen ikastetxeen irekiera mailakatua. Horrela, pasa den astean hamaika urte bitarteko ikasleek egin zuten modu berean, gaur kolegioetako ikasleak itzuli dira duela bi hilabete utzi zuten ikastetxera.
Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan, adibidez, 40 ikasle jaso dituzte. Egoera normaletan 190 ikasle izango lirateke sei eta bosgarren mailan, baina hautazkoa denez guraso gehienek haien haurrak etxean atxikitzea erabaki dute. Horrez gain, astean lau edo bi egun egiteko aukera dute ikasleek, eta badira soilik goizez eskolaratuko diren haurrak ere, beraz gelak antolatzeko zailtasun handiak izan dituzte kolegioetako arduradunek.
Arauak eta telelana
Gurasoen autotik jaitsi eta ikastetxeko patioaren alde batean ikusi dituen lagunengana zuzendu da ziztu bizian neskato bat. Irakasle batek, urrundik arreta deitu eta «harrera mahaia» seinalatu dio. Hau da, patioan sailaktuak dituen lagunek jada pasatu duten lehen gunea. Hortaz, berekin batera heldu diren beste ikasle batzuen bezala, ilaran ezarri da.
Guztiek dute sudurra eta ahoa estaltzen dituen maskara, baina hala ere erraz ezagutzen dute elkar. Harrera mahaian irakasle batek kontsignak ematen dizkie iritsi berriei, hauek eskuak garbitzen dituzten bitartean. «Ez duzu lehen zenuen gela, orain 6-2 gelako taldean zira, alde horretako pasabidetik sartu eta beste aldetik egin behar da irteera, distantziak mantentzea garrantzitsua da...» azaltzen dio sarrerako irakasleak irrikaz lagunei begiratzen dien ikasleari.
«Eskolara itzultzeko gogoz zineten?» galdera ikasleei luzatuta, erantzuna aho batez dator bueltan baina, erdiak baietz erantzuten du, eta beste erdiak ezetz dio. Horretan ere zatiketa nagusitzen da. Ordea, erantzunaren ostean, berriz ere guztiek bat egiten dute, aldi berean irri egiteko.
Ikasgelan azken bi hilabeteetan etxean egin duten moduan, telelana egiten jarraituko dute, etxean geratu diren kideek bezala, baina edozein zalantza argitzeko edo laguntzeko irakasleak ondoan izango dituzte. Horrez gain, egunero gorputz heziketa landuko dute ordu batez, nahiz eta baloi, uztai, pilota edo antzeko beste gailurik ezingo duten erabili. Eta bazkaria, kantinan egingo dute, baina norberak ekarritako janariarekin.
Piarres Larzabaleko patioko bankuak ere prezintatuak dira, egurrezkoak direnez, desinfektatu ezin dituztelako. «Garbiketa lan handia dago eta zailtasun handiak ditugu, zeren jada ohikoa baino irakasle gutxiago ari gara lanean, batzuek arrisku handiko profila baitute, baina ohikoa baino lan zama handiagoari erantzuteko, beraz garbiketa langile gehiago izatea beharrezkoa da», nabarmendu du Edurne Manterolak, Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak.