Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak zuzendutako egitasmoan Sylvie Durruty Ipar Euskal Herriko Ikuskapen Kontseiluko zuzendaria ere izan da. Horrela, Baionako Udalak 10.000 FFP2 maskara jaso ditu Lapurdiko ospitale nagusian, lehen lerroan lanean ari diren bi eremuetan banatuak izan daitezen. Batetik, Harambillet zahar-etxean eta, bestetik, martxoaren 30etik Elkarteen etxean ezarria den harrera gunean.
Maiatzaren 5ean abiatu zuen Baionako Udalak herritarrei maskarak helarazteko kanpaina eta horrekin batera ‘Allo Bayonne’ izeneko telefono zerbitzua ere abiarazi zuen, covid-19aren inguruko zalantzak dituzten herritarren galderei erantzuteko.
Baionako Udalak argitaratu duen idatzian osasun larrialdi egoera gutxienez uztailaren 10era arte luzatuko dela gogoratzen die herritarrei, eta hartu beharreko neurriak hartzen jarrai dezaten eskatzen die. Bestalde, Lapurdiko hiriburuak osasun arloko langileei egindako ekarpena Baionako Udalak «langile horiei egiten dien aitortza bat» ere badela nabarmendu du Etchegarayk.
Osasun krisia hasi zenetik protesta ugari izan ziren osasun aroloko langile askok maskarak ez zituztelako. Horrela, maskarak egiteko laguntza sareak antolatu ziren hasiera batean eta, pixkanaka, lortu zen langileen beharrei erantzutea. Edonola ere, egun oraindik ez dira maskarak soberan eta osasun arloko langileek maskara berriak ukatea eskertu dute.