Munduko Bankuak ohartarazi du koronabirusaren krisiak mundu osoan 60 milioi pertsona bultzatu ditzakeela pobrezia gorrira, eta enplegua ehunka milioi pertsonak gal dezakeela, 2020an aurreikusten den krisi ekonomiko larria dela eta.
Munduko Bankuaren kalkuluen arabera, ekonomia globala %5 inguru jaitsi liteke aurten.
«Pandemiak eta ekonomia aurreratuen itxierak muturreko pobreziara bultza lezake 60 milioi pertsona, pobrezia murrizteko lortu berri den aurrerapenetik asko kenduz», esan du David Malpass Munduko Bankuko presidenteak, telefono-konferentzia batean.
Erakundeak muturreko pobreziaren tasa eguneko 1,90 dolarrean dauka finkatuta.
Pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko, Munduko Bankuak larrialdi-operazioak egin ditu ehun herrialde baino gehiagotan, munduko populazioaren %70 baino gehiago bizi den tokietan. Horietako gehienak ahultasun edo gatazka egoeran dauden herrialdeak izan dira, hala nola Afganistan, Haiti, Txad edo Niger.
Era berean, Malpassek erakundeak «konpromiso» bat hartuko zuela iragarri zuen: 160.000 milioi dolar ematea garatzen bidean diren herrialdeei, 15 hilabeteko epean, «Covid-19aren eragin ekonomiko, sanitario eta sozialei» aurre egiteko.
Munduko Bankuko presidenteak azpimarratu zuen baliabide gutxien dituzten herrialdeentzat garrantzitsua dela merkatu aurreratuetan sartzeko aukera mantentzea, turismoa edo esportazioak bezalako kanalen bidez; horregatik, geldialdi ekonomiko luzeak ondorio bereziki negatiboak dituela.