Dabid Lazkanoiturburu

Haftar mariskala Tripoliko setiotik alde egin beharrean da

Jalifa Haftar mariskalaren indarrak orain arte kontrolpean zituzten Tripoli inguruko hainbat eskualdetatik alde egiten ari dira. Bezperan aerodromo militar garrantzitsu bat galdu zuten. Gerra ez dute oraindik guztiz galdu baina argi geratu da ez dutela inoiz irabaziko.

Tripoliko indarrek Al Wuatiyako aerodromoa berreskuratu dute. (Mahmud TURKIA-AFP)
Tripoliko indarrek Al Wuatiyako aerodromoa berreskuratu dute. (Mahmud TURKIA-AFP)

Jalifa Haftar mariskalaren indarrek Tripoi inguruko eskualde batzutatik erretiratzea erabaki dute. Libiako Armada Nazionalaren (LNA) bozeramaleak, Ahmed al Mismarik, «Tripoliko frontean tropa batzuk birposizionatzea eta banatzea» erabaki dutela iragarri du. Erabaki hori, gainera, asteburuan ospatzen den Eir al Fitr jaialdiarekin lotu nahi izan du, Ramadanari amaiera ematen dion ospakizunarekin.

Bozeramaileak ez du, hala ere, inor engainatzen. Are gutxiago iragarpen hori bere indarrek aerodromo estrategiko bat galdu eta biharamunean egin duela kontuan hartuta.  

Astelehenean, Tripoliko Gobernuak Al Wuatiyako aerodromoaren kontrola berreskuratu duela iragarri zuen.

Al Wuatiya hiriburutik 140 kilometrotara dago, hego-mendebaldera, eta Haftarren indarren esku zegoen 2014. urtetik. Bertatik irteten ziren hegazkinak Tripoli eta beste objektibo batzuk bonbardatzeko, azken hilabeteetan aparatu guztiak galdu dituzten arte. Hala ere, atzeguardia bezala erabiltzen zuen basea LNAk.

Turkiako dronei esker, Tripoliren aldeko indarrek Haftarren hornidura lerroak zapuztu dituzte, bai Al Wuatiya inguruan eta baita Tarhouna herriaren inguruan ere, hiriburutik 80 kilometrotara duten azken atzeguardia basean.

Are gehiago, Errusian eginak diren baina Arabiar Emirerri Batuek eman zizkien hiru «pantsir» misil sistema suntsitu dituzte aerodromoan bertan.

Ez da mariskalak azken asteetan pairatu duen porrot bakarra. Turkiako Armadaren laguntzarekin, Tripoliko Gobernua (GNA) sostengatzen duten indarrek mendebaldeko itsasertzeko posizio guztietatik bidali dute Haftarren «armada».

Ez irabaztea galtzea da

GNAko lehen ministroak, Fayez Serrajek, onartu egin du «garaipen honekin ez dela gerra amaitzen, baina –gaineratu du– garaipenetik sekula baino gertuago jartzen gaitu».

«Haftarren indarrek mendebaldeko itsasaldearekin zuten azken lotura galdu dute eta GNAko indarrek Tripoli hegoaldean dagoen frontea indartu ahal izango dute», dio Wolfram Lacherrek, SWP nazioarte politikarako eta segurtasunerako Alemaniako institutuko adituak.

Lacherren ustez, «honek gehienok bagenekiena baieztatu digu. Haftarrek ezinezkoa duela gerra hau irabaztea».

Izan ere, Turkiak Al Wuatiyako aerodromoa erabiliko du aurrerantzean Haftarren kontra.

Honek Libiako ekialde guztia kontrolpean du, baita hegoaldeko zati bat ere. Herrialdeko petrolio putzu eta terminal guztiak blokeopean ditu urte hasieratik.

GNAk mendebalde ia guztia, hiriburua barne, du kontrolpean. Misrata kosta hiriko miliziek babesten dute, gainera.