Asier ROBLES

Maskararen erabilera nagusitu da Bilbon, hiriguneetan pasealekuetan baino gehiago

Ostegun honetatik aurrera jendea bi metroko segurtasun-distantzia mantendu ezin den lekuetan eta leku itxietan maskarak erabiltzera behartzen duen arauarekin, maskara nagusitu egin da Bilbon. Hiriguneetan bereziki jende gehienak darama, eta pasealekuetan aurreko egunetan baino jende gehiagok.

Jendea maskararekin Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).
Jendea maskararekin Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).

Gaur hasi da Hego Euskal Herrian maskara jarrita eramateko «derrigortasuna» bi metroko segurtasun-distantzia mantendu ezin den lekuetan eta leku itxietan. Egia esan, maskararen erabilera gero eta ohikoagoa izaten ari zen herritarren artean, baina arau berri honek maskara erabat finkatzea eragin du. Hala egiaztatu dugu Bilbon goizeko 9.30 eta 11.30 artean buelta bat emanez.

Hiriguneetan, maskararen erabilera nagusitu egin da. Adin guztietako jendeak zeukan jantzita eta aurreko egunekiko aldea nabari zen. Mota askotako maskarak ikusten dira, norberak telaz egindakoetatik hasita segurtasun maila handia dutenetara, baina kolore urdineko maskara kirurgikoak dira nagusi.

Batzuek asteak zeramatzatela maskara erabiltzen ziurtatu digute, eta arau berriak «ez diela asko eragin», baina beste batzuek, orain arte «maskara asko erabili ez dutela» aitortu digute. «Gaur jantzi dudan lehen egunetako bat da», esan digu Albertok, Deustutik erosketak egiten zebilen bizilagun batek.

Alde Zaharrean ikus zitekeen gehien maskararen erabilera. Kaleak estuagoak dira hemen eta bizilagun gehienek zeukaten maskara jantzita. Hala ere, Bilboko Kale Nagusian, non kalea askoz zabalagoa den, maskararen erabilpena oso hedatuta ikusi dugu oinezkoen artean.

Udal merkatuetan, maskara erabiltzea derrigorrezkoa da duela egun batzuetatik, eta, beraz, egoera ez da asko aldatu. Erriberako merkatuan, Bilboko handiena, segurtasun-guardia bat ikus zitekeen, sartu eta irteten zen jendea kontatzen, edukiera ezin baita %40tik gorakoa izan, hau da, 200 pertsonatik gorakoa.

Barruan, postuetako batean, Arantxa Arrategik esan digu oraindik jendea «beldurrez» ikusten duela eta bezero guztiak berreskuratzetik «urrun daudela».

Pasealekuak

Hiriguneekin alderatura, pasealekuetan, itsasadarraren inguruan adibidez, jende gehiago ikusten zen maskara jarri gabe baina, hala ere, erdia baino gehiago maskara jarrita zihoan.

Aipatzekoa da, baita ere, egun eguzkitsua izan arren, paseatzen zegoen jende kopurua ez dela oso handia izan, eta ez dela jende pilaketarik ikusi, beraz, bi metroko distantzia, itxuraz, zailtasunik gabe manten zitekeen.

Maskara jantzita ez zeraman ibiltarietako batek adierazi du momentu horretan ez zuela «erabiltzeko beharrik ikusten», baina patrikan zeramala «badaezpada ere». Bazen maskara belarritik zintzilik edo lepoaren parean eramaten zuen jendea ere. Beste ibiltari batek esan digu duela aste batzuetatik ia beti eramaten duela maskara jarrita kaletik.

Poliziaren presentzia aurreko egunetakoaren oso antzekoa da. Patruilaren bat Abandoibarra pasealekuan bueltaka, beste baten bat Kale Nagusian... Alde Zaharrean eta San Frantzisko inguruan dago polizia gehien.