NAIZ

Protesta artean pasatu dira Voxen karabanak Euskal Herritik ere

Euskal Herriko hiriburuetan barna ere ibili dira Voxen karabanak,`Por España y su libertad´ leloarekin, Pedro Sanchezen Gobernua krisi honetan egiten ari den kudeaketaren aurka. Antifaxistak ez dira erantzun gabe gelditu. Iruñean jendea identifikatu eta katxeatu du Polizia espainolak, ekimen faxista babesteko. Bilbon, lagun antifaxista bat atxilotu dute.

Voxen kotxe karabana, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Voxen kotxe karabana, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Voxen karabanak Euskal Herritik ere pasatu dira, oihartzun gutxi-gutxirekin, baina ez istilu bat edo beste eragin gabe. Gazte antifaxista ugarik erakutsi du ez direla ongietorriak. Iruñean jendea identifikatu eta katxeatu du Polizia espainiarrak, ekintza faxista babesteko.

«Polizia espainolak jazarri egin du alderdi faxista espainolak antolatutako kotxe karabanaren aurrean protesta egin nahi izan duen edonor. Karabana hori arazorik gabe pasatu da, izan ere, poliziakide askok babesten baitzuten. Lagun ugari identifikatu dituzte», jakinarazi du Ahotsa.infok.

Vox zen kotxe karabanaren antolatzailea, Estatu osoan barrena.`Por España y su libertad´ leloarekin, Pedro Sanchezen Gobernua egiten ari den alarma estatuaren kudeaketa gaitzestea zen asmoa. Gazte antifaxistak ekintza horren kontra egiten saiatu dira, baina, erran bezala, Poliziak faxistak babestu ditu.

Karabana kotxeetako jendearen txistu eta bandera espainolen artean pasatu da. Nafarroako banderaren bat ere bazuten. Iruñeko erdialdeko kale batzuk zeharkatu ditu, Polizia espainolak zainduta.

Voxen deialdiak Espainiar Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzaren baimena zuen. Ekintza zaratatsua izan da eta kalean zebilen jendeak protesta eginez erantzun du. Gazteek kontramanifestazio bat egin dute, sare sozialen bidez antolatua, `Iruñea beti antifaxista´ leloarekin, `Vox kanpora´ oihukatuz, Gaztelu Plazan.

`Euskal Herria antifaxista´ lelodun pankartak erakutsi eta `Faxistak kanpora´ oihukatu eta gero plazatik kanpora ateratzen saiatu dira, baina Polizia espainiarrak ez die utzi.

Atxilotu bat Bilbon

Eguerdi aldera, Bizkaiko hiriburutik dozena bat kotxe pasatu dira bandera espainolekin eta Sanchezen kudeaketaren aurkako oihuekin. Gran Vian egin dute ibilbidea, Gobernu espainiarraren ordezkaritzaren egoitza dagoen Moyua plazatik Jesusen Bihotzaren plazara eta buelta hasiera puntura.

Espaloietatik protesta eginez hartu dituzte herritarrek Voxekoak, eta Ertzaintzak faxismoaren aurka egiten zuten pertsona batzuk identifikatu ditu, Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, atxilotu bat ere izan da. Kotxe karabanaren kontra protesta egiten ari zen gazte bat atxilotu dute ekintza faxista bukatzean.

Iturri berek agertu dutenez, kontra egin die udaltzainei identifikatzera zihoazenean eta bi udaltzaini «eraso egitea» leporatuko diote.

Gasteizen ere identifikazioak

Arabako hiriburutik ere dozena bat auto pasatu dira Voxen karabanan. 12.00etan hasi eta 15 bat minutuz hainbat kale zeharkatu dituzte. Hemen ere protesta artean hartu ditu jendeak eta Poliziak hainbat pertsona identifikatu ditu.