MARTXELO DIAZ

ELA eta LAB ez dira itzuliko Lakuaren mahai sozioekonomikoaren bileretara

Lakuako Gobernuak antolaturiko mahai sozioekonomikoaren bileretara ez direla gehiago joango iragarri dute LAB eta ELA sindikatuek gaur. Izan ere, bilera hauek «ez dutela ezertarako balio eta ez dietela langileen beharrei erantzuten» nabarmendu dute bi sindikatuek.

Xabier Ugartemendia eta Garbiñe Aranburuk gaur egin duten agerraldian.
Xabier Ugartemendia eta Garbiñe Aranburuk gaur egin duten agerraldian.

ELA eta LAB ez dira gehiago joango Lakuako Gobernuaren mahai sozioekonomikoaren bileretara. Alferrikakoak direla eta langileen interesak ez dituztela defendatzen nabarmendu dute bi sindikatiuek

 

LABeko idazkari orokor Garbiñe Aranburuk eta ekintza sindikaleko arduradun Xabier Ugartemendiak gaur egin duten agerraldi telematikoan gogoratu dagoeneko hiru bilera izan dituzte foro horretan eta aste honetarako laugarrena deituta zegoen. Lakuako Gobernuak eta EAJk bilera horiek argazkia ateratzeko baino ez dutela balio gaineratu du, erabaki guztiak aldebakartasunez hartzen direlako. «Gure proposamenak ez direa kontuan hartzen, zakarrontzira doaz zuzenean», salatu du.

Honekin batera, Lakuako Gobernuak Estatu espainolari aldebakartasunez aritzea leporatzen badio, Iñigo Urkulluren Exekutiboa «hemen berdin ari dela» salatu du LABek. «Langileen eskubideak eta beharrak kontuan hartu gabe, erabaki guztiak patronal handiaren mesedetan hartzen dira», gaineratu du.

«Erabiliak izaten ari gara eta, okerrena dena, langileen interesak ez dira kontuan hartzen», nabarmendu du Ugartemendiak bilera hauetara joateari uzteko erabakia justifikatzeko.

ELAk ere alferrikakoak jotzen ditu bilera hauek Iñigo Urkullu lehendakariak sindikatuen eskaerei jaramon egiteko asmorik ez duela salatu eta gero. «Urkullu buru duen mahaia informazio-foro hutsa da, eduki errealik ez duena, eta ekarpenek ez dute ez jarraipenik ez interesik Eusko Jaurlaritzarentzat: errealitatean ez dagoen adostasun- eta akordio-irudia helarazteko propaganda hutsa da», salatu du ELAk.

Langileen interersak lehenetsi

Hemendik aurrera, berreraikuntza ekonomiko eta sozialean, langileen interesak eta ez Kapitalarenak lehenetsi behar direla nabarmendu du Aranburuk.

Gauzak horrela, LABen jardueraren helburuetako bat enplegu suntsiketa moztea, osasuna defendatzea eta prestazioak bermatzea izango dela adierazi du. Urtarrilaren 30ean greba orokorra egin zela gogoratu du Aranburuk. Horren ostean, interpelazio bikoitza egin zion gehiengo sindikalak Lakua eta Nafarroako gobernuei eta patronalei. Proposamen hori indarrean segitzen duela nabarmendu du. Bertan, lana galdu dutenei 1.200 euroko laguntza, 35 orduko lanaldi maximoa eta 20ko minimoa, subrogazioa eta soldata arrakalari aurre egitea agertzen ziren. «Ez dugu erantzunik jaso», kritikatu du.

Pandemiak behar berriak eragin dituela adierazi du LABeko idazkari orokorrak. Enplegu suntsiketari mugak jartzea ezinbestekoa dela bota du. Kasu askotan enplegu suntsiketa aldez aurretik eraiki izan den lan eremu hauskor batean, behinbehinekotasunean eta iruzurrean oinarritzen dela salatu du.

Ildo honetan, ERTEak amaitzen direnean enplegua mantentzeko bermeak aldarrikatu ditu. «Lan baldintzei eutsi behar zaie. Prekarizazio gehiago ez dugu onartuko. %100eko soldata bermatu behar da. Lanik gabe gelditu direnentzako 1.200 euro sarrerak izan behar dira. Eta aldaketak badaude, langileen adostasunarekin izan beharko dira, aldebakartasunarekin amaitu behar da», esan du Aranburuk. Prebentziorako neurri eraginkorragoak ere eskatu ditu, hildako gehiegi daudelako. «Ez dugu ontzat emango krisia aitzakia izatea prebentzioan ez inbertitzeko», aurreratu du.

«Bizitza erdian jarriko duen eredu baterantz transizio ekofeminista», aldarrikatu du. Lan guztien onartzea eta berrantolatzaea beharrezkoa dela gaineratu du, zerbitzu publikoen defentsa eginez.

Eredu berri hau finantziatzeko beharrezkoa den dirua lortzeko zerga-politika berri batetik atera behar dela esan du ere. Premiazkotzat jo du zerga-politika berri hori martxan jartzea. «Diru gehiago bildu behar da, baina modu progresiboan», azaldu du. Zergak errenta altuei, irabazi enpresarialei eta Kapitalari igo behar zaizkiela erantsi du.

Zerga-erreforma honi buruzko txostena hiru diputatu nagusiei bidali dietela esan zuen Aranburuk. «Baina ez dugu erantzunik jaso», kexatu da.

Iñigo Urkullurentzat hitz gogorrak izan ditu Aranburuk lan erreforma aldatzea arriskutsua dela esan duelako. «Zer espero dezakegu? Arriskutsua horrelako lehendakari bat izatea da», esan du.

ELA, «kezkatuta»

ELA «kezkatuta» dago konfinamenduaren aste gogorrenetan Lakuako Gobernuaren kudeaketa aldebakarrekoa eta okerra dela uste duelako. Esan duenez, sindikatu honek ez du ulertzen Lakuak pandemiaren aurrean duen estrategia, «ezta haren prezipitazioa, zuhurtasun falta eta patronalaren aldeko ikuspegia ere». Neurri sozial eta ekonomiko urriei «deseskaladaren kudeaketa onartezina» gehitu zaiela gaineratu du. Izan ere, ELAk gogorarazi du ez dela neurri bakar bat ere adostu sindikatuekin.

ELAren ustez, lantokietan, eta bereziki Lakuafren menpe dauden lantokietan (Administrazioa, Justizia, Osakidetza, Hezkuntza...), deseskalada egiteko protokoloak agerian utzi du «Eusko Jaurlaritzaren modus operandi-a autoritarismoa eta aginte bakarra» dela. Egoera horren aurrean eta «mahaia erabat alferrikakoa denez», ELAk ez du parte hartuko maiatzaren 27ko deialdian. Bide batez, Lakuari eskatzen dio bere jokabidea guztiz berrikus dezala, edozein mahai edo forori benetako edukia emateko eta sindikatuen ekarpenak aintzat hartzeko edo, gutxienez, horiei erantzuteko.

Gizarte-larrialdiari aurre egiteko eta enplegua babesteko premiazko neurriak hartzeko beharra azpimarratu du ere sindikatu honek. ELAk langabeen estaldura hobetuko duten eta enpleguari eusten eta enplegu-erregulazioko espedienteek enpleguan duten eragina minimizatzen lagunduko duten akordioak lortzeko prest jarraitzen du. «Mahai honen eraginkortasunik ezaren aurrean, beste sindikatuekin eta gizarte erakundeekin batera mobilizazio soziala partekatzen jarraituko dugu, egungo politikak aldatzeko eta egungo krisiari irtenbide justua emateko», gaineratu dute ELAko kideek.