AHTren aurkako herri mugimenduen ekimenez, Hego Euskal Herriko sektore eta alor anitzetako kolektibo ugari Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon kalera atera dira abiatu berri duten ‘Orain Ardura’ kanpaina plazaratzera talde eta norbanakoen babes zabalarekin.
Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala, kolektibo ekologistak, feministak, kultura arlokoak zein auzo eta herri ekiminetakoak atxiki zaizkio AHTaren dirua oinarrizko zerbitzu publikoetara bideratzea exijitzen duen manifestuari.
Covid-19ak agerian utzi duen egoera
Manifestuaren sinatzaileek azken urteetako osasun krisi handienetako batek covid-19aren heriotza-tasan munduko lehen postuetan jarri gaituela eta, horretaz gain, langabezia-tasa etengabe hazten ari dela salatu dute. Egoera horren funtsa 2008ko krisi ekonomikoak Estatu espainolean nagusi zen adreiluan oinarritutako ekonomia espekulatiboa zapuztu eta osasun eta zerbitzu sozial guztiak murriztean oinarritzen dela azaldu dute.
Kontrakoa gertatu da, sinatzaileen esanetan, erakundeek erreferente bezala duten Europa iparraldeko herrialdeetan, non milaka bizitza eta milioika enplegu eta enpresa txiki salbatzea lortu duten, eta «hori ez da kasualitatea».
Herrialde «aurreratu» gehienetan, diru publikoaren kudeaketak «nolabaiteko logika soziala» izan duen bitartean, Estatuan aireportuak, autobideak eta, nola ez, «milaka milioi balio duten abiadura handiko trenak izateaz harro» agertu dela nabarmendu dute.
Etorkizun zalantzagarriaren aurrean, erakundeei iraganeko akatsak ez errepikatzeko eta ardurarekin jokatzeko eskatu diete, eta azpimarratu dute horretarako «ezinbestekoa» dela «adreiluan eta hormigoian oinarritutako iraganeko politika ekonomikoak» aldatzea eta atzean uztea. «Jendartea erantzunkizun handiarekin jokatzen ari da krisi larri honetan eta berak markatzen digu jarraitu beharreko bidea», gaineratu dute.
Diru publikoa zertan inbertitu
Horregatik guztiagatik, lau hiriburuetan aurkeztutako ekimenak AHTren proiektuak gelditzeko eskatzen die erakunde eta administrazio publikoei.
Sinatzaileek AHTren xahuketa islatzen duten hainbat datu mahai gainean jarri dituzte, hala nola Estatu espainiarra milioi biztanleko abiadura handiko tren kilometro gehien duen estatua dela, Japonia, Alemania, Estatu frantsesa, AEB eta beste hainbat herrialde garatu eta ekonomikoki boteretsuren aurretik. Hala eta guztiz ere, azken lekuan dago erabilerari dagokionez eta bidaiari ratio txikiena du kilometro bakoitzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroako Foru Erkidegoari dagokienez, iragarritako AHTren atal guztiak eraikiko balituzte, milioi biztanleko, «espainiar Estatuko kilometro ratioa bikoiztuko genukeela» azaldu dute.
«Euskal Y» deritzonean eta Iruñea eta Castejon arteko lanetan dagoeneko ia 5.000 milioi euro gastatu dituztela ere azpimarratu dute. Gainera, beste proiektu hauek mahai gainean daudela iragarri dute: Miranda eta Gasteiz lotu nahi dituzte, Arabako Haranak zeharkatuz; Iruñea eta «Euskal Y» delakoa lotzeko proiektua, Sakana eta Lautada zeharkatuz edo Aralar zulatuz; Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea Bizkaian; eta hiriburuetako AHTren sarrera guztiak. Horrek guztiak 15.000 milioira igoko luke gastua manifestuaren bultzatzaileen arabera.
Gogoratu dute, bestalde, koronabirusaren krisia dela eta Lakuak hasieran autonomoentzat jarritako 3 milioi euroak edo kultura alorreko profesionalentzat jarritako 2,5 milioi euroak, AHTren 100 eta 83 metroren baliokide direla, hurrenez hurren.
Nafarroako Ospitale Konplexuko Laborategi Bateraturako eraikina AHTren 656 metroko kostuaren baliokidea da eta Gasteiz eta Iruñea arteko AHTren lineak duen kostuarekin, duela urte eta erdi inauguratu zen Eibarkoa bezalako 32 ospitale eraiki litezke, sinatzaileen arabera.
«Gobernuek AHT bezalako azpiegitura handietan inbertsio ikaragarriak egiten dituzten bitartean, murrizketa handiak izan dira hainbat oinarrizko gaietan, hala nola, osasunean eta zerbitzu sozialetan», salatu dute.
Hori dela eta, hainbat astetan zehar, ospitaleak gainezka egon direla eta osasun langileek txandak bikoiztu dituztela, «hiltegi bihurtutako eta abandonatutako» adinekoen egoitzak, jendea bakarrik hiltzen, hotelak bat-bateko ospitale bihurtu direla edo biztanleek beraien etxeetan maskarak egin dituztela dira aldi berean salatu dituzten egoerak.
Orain, inoiz baino gehiago, «pertsonen bizitzari eta elkarren zaintzari eusteko beharrezkoak» diren lanpostuen garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa dela adierazi dute eta lanpostu horiek, nagusiki, emakumeek betetzen dituztela azaldu dute, Nafarroan bezala, non osasunean edo zerbitzu sozialetan lan egiten duten pertsonen %75 emakumeak diren.
«Ez dugu modurik bizitza kolektiboari denen artean eusteko, baliabide komunak kapitalaren metaketaren zerbitzura baitaude nagusiki», esan dute.
Tren soziala eta zerbitzu publikoen alde
Deskribatutako egungo egoeran, aurrekaririk gabeko krisian eta konfinamendu egoeran, AHTren lanek aurrera jarraitzen dutela salatu dute sinatzaileek, «pertsona guztientzako bizimodu duina izateko zerbitzu publikoak bermatu beharrean».
Ildo horretan, Gobernu espainolari eta Nafarroan gobernatzen ari diren alderdiei eskatu diete Jose Luis Abalos ministroak kargua hartu zuenean esandako hitz zuhurrak betetzeko: «Trenbideko inbertsioak erabat berbideratzea, urte askotan abiadura handian zentratuta egon direlako».
Ildo beretik, Estatu osora Isabel Pardo de Vera Adifeko zuzendariak Oviedo, Aviles eta Gijonen abiadura handiko konexioa baztertzean esandako hitzak hedatu behar direla adierazi dute: «Konexio horiek 10 minutu inguru baino ez lukete aurreztuko eta milioi askoko inbertsioa izango litzateke».
Lakuari, bestalde, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzei kasu egiteko eskatu diote «gastu publikoa murriztu eta obra handiak atzeratu» beharko litzatekeela esan baitzuen.
«Mundu guztiak datorren krisi beldurgarriaz hitz egiten duen une honetan, zerga-bilketa %20 jaitsiko dela esaten ari zaigunean, ekoizpena birkokatzeko eta mugikortasuna murrizteko apustua egiten ari garenean, ezin dugu ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu», salatu dute.
Beraz, AHTren obrak berehala gelditzeko eta proiektu berriak atzera botatzeko eskatu dute. Herri, hiri eta industrialdeak ongi komunikatzen duen tren soziala izateko, gaur egungo trenbideak hobetzea eta mantentzea proposatu dute, pertsonak zein merkantziak garraiatuko duen tren bat nahi dutelako, «lurraldean gune isolaturik utziko ez duena eta edonorentzat ekonomikoki eskuragarria dena».
Arrazoi hauengatik, AHTrako inbertsio ekonomiko guztia oinarrizko eta lehentasunezko beharretarako erabiltzea eskatu dute, hala nola, behar adina langile eta baliabide dituen osasun sistema publikoan inbertitzea, baita adinekoei eta menpekoei zuzendutako laguntzetan, bidezko pentsioetan, diru-sarrerarik gabeko pertsonetan, krisi ekologikoari (klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera, kutsadurak…) buelta emateko gai diren eredu ekonomiko berrien sustapenean, tokiko ekoizleetan, elikadura burujabetzan edo hezkuntzan, besteak beste.