NAIZ

Alarma egoeraren seigarren luzapena azkena izango dela esan du Pedro Sanchezek

Gobernu espainolak asteartean onartuko duen alarma egoeraren luzapena, seigarrena, azkena izango dela esan die Pedro Sanchezek presidente autonomikoei gaur egin duten bileran. Alarma egoera bukatzean konfinamendua altxako duela iragarri du, eta espero du, uztailaren 1erako, Estatu espainiar osoan mugimendu-askatasuna izango dela.

Pedro Sanchez, erkidegoetako presidenteekin bilera egin osteko agerraldian. (Borja PUIG DE LA BELLACASA/POOL MONCLOA)
Pedro Sanchez, erkidegoetako presidenteekin bilera egin osteko agerraldian. (Borja PUIG DE LA BELLACASA/POOL MONCLOA)

Alarma egoeraren seigarren luzapena azkena izango da. Horrela esan die behintzat Pedro Sanchez Gobernu espainoleko presidenteak elkargo automonikoetako buruei, Europa Press agentziaren arabera. Bileran bilduta daude gaur Sanchez eta presidente autonomikoak, artean Iñigo Urkullu eta Maria Chivite.

Luzapen berri hau aurrera ateratzeko ez da oztopo handirik ikusten. Izan ere, Sanchezek dagoeneko ERC eta EAJren oniritzia lortu du.

Hamabost egunez luzatuko da alarma egoera, Kongresuaren oniritzia jaso ondoren. Gauzak horrela, ekainaren 21a arte iraungo. Eta Sanchezen arabera, egun horretan amaituko litzateke. Halere, elkargo batzuk alarma egoerarekin ekainaren 21a baino lehen amaitzeko aukera mahai gainean jarri du Sanchezek ere.

Hori dela eta, ekainaren 21etik aurrera «normalitate berria» martxan egongo da, Sanchezen arabera.

Gobernuko presidenteak autonomia-erkidegoetako lehendakariei esan die herritarrei erantzukizuna izan dezatela eskatzeko eta betetzen jarrai dezatela koronabirusa kutsatzea saihesteko neurriak, toki batzuetan atzemandako kutsatuen gorakada dela eta.

Bestalde, Sanchezek adierazi du Gobernuak asmoa duela koarentena altxatzeko alarma-egoera amaitzen denean, «uztailean Espainian dauden atzerriko turista asko segurtasun bermearekin jaso ahal izateko, bai beraientzat, bai herritar guztientzat».

Zentzu berean, berretsi du Estatu espainiarreko ekonomiak 2020rako «%9 baino gehiagoko beherakada» izango duela.

Bestalde, Espainiako presidenteak esan du turismoa «berehalakoa» berpiztu behar dela eta bi dimentsiotan proiektatu behar dela, bata nazionalean eta bestea nazioartekoan.

«Oinarri ekonomiko eta kultural handienetako bat da», esan du, eta hauxe gaineratu: «egun gutxi barru herrialdearen mirariez gozatu ahal izango da».

Atzerriko turistak Estatu espainiarrera sartzerik ba ote duten galdetuta,Sanchezek azpimarratu du uztailaren 1erako, arazorik ez badago, Estatu osoak mugimendu-askatasun osoa izango duela «bere txoko guztietan».

Suspertze ekonomikoa

Arduradun autonomikoekin bilera egin ostean, Sanchezek adierazi du suspertze ekonomikoa Estatuan aurtengo azken hiruhilekoan hasiko dela, baina «bi ekitalditan luzatuko dela» iragarri du.

«Legegintzaldi honen amaieran pandemiak utzi diguna baino egoera hobean egongo gara», adierazi du exekutiboko buruak alarma-egoeraren azken luzapena eskatuko duela iragarri duen agerraldian.

ERC eta EAJ

ERCen sostengua lortzeko koronabirusaren ondorioei aurre egiteko Europako Batasunetik heltzen diruaren gestioan elkargo autonomikoek ere parte hartuko dutela onartu du Sanchezek. 

EAJrentzat, berriz, deseskalada prozesuaren hirugarren fasean hartu beharreko neurriak autonomia elkargoetako presidenteen ardura lortzea izan da Sanchezi alarma egoera luzatzeko baiezko botoa emateko.

Une hauetan, Estatu espainolaren zatirik hadiena bigarren fasean da. Orotara, populazioaren %70a hemen kokatzen da. Hego Euskal Herriko lau herrialdeak ere egoera honetan daude. Artean, beste 15 milioi hiritar lehen fasean daude orandik, batez ere Madril, Bartzelona eta Gaztela eta Leonen. Ez da aurrera egingo dutenik aurreikusten.

UPNko presidente Javier Esparzak Twitterren azaldu duenez, talde honetako bi diputatuek ezezko bozka emateko Kongresuan proposatuko du alderdiaren zuzendaritzan.

UPNk «jendearen osasunaren gainetik» alderdiaren interes politikoa lehenesten duela erantzun dio Esparzari Santos Cerdan PSNko diputatuak.

Navarra Sumako Nafarroako parlamentari Marta Alvarezek, bestalde, adierazi du Cerdanen jarrera «miserablea» da.