Izkander FERNÁNDEZ

Konfinamenduaren ondorengo bizipoz askea piztu du Gatibuk

Gauza asko lehertu dira mila zatitan lehen akordeekin. Ez dugu aldamenekoaren ukondoa, sorbalda edo bizkarra ukitu. Ez dugu izerdia batera bota. Baina publiko izan gara eta publiko edukitze horrek Gatibu talde bihurtu du beste behin ere. Atera gara eta bidea egiten segituko dugu.

Hemen da berriz Gatibu, hemen gara. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Hemen da berriz Gatibu, hemen gara. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ez da erreza, ez da ohikoa. Kontzertu bat pantailan ikustea ez da norberak lehenengo aukeraketa batetan erabakitzen duen zerbait. Zuzenekoa bertan bizitzeko ospakizun izerditsua da. Bertan, entzuleak bere bihotzaren taupada musikarien taupadarekin egokitu behar du, musika bere organismoaren zati bat balitz bezala sentituz. Eszenatoki gainean dagoenak esaten, egiten eta proposatzen duenarekin hunkitzea da entzulearen lan erraza, bitxia eta polita. Une zehatz bakoitzeko interpelazio artistikoa deszifratzera jolastean datza zuzenekoaren esperientzia.

Baina birusa etorri zen. Gure, haien, denon bizitzak hankaz gora geratu ziren. Gure gizartean, gure kulturan, ospakizun gehienak jende multzoaren beharraz edo premia ase ezinaz elikatzen dira. Musikak, rockak, kontzertuek eta askori zoratzen gaituen baju, kitarra eta bateria laburbiltzen duen mistika horrek, nola ez, multzoaren beharra dauka. Batzuetan multzo hori rock talde bat baino ez da. Beste askotan, kontzertu baten inguruan batzen diren guztiak: musikariak, teknikariak, antolatzaileak eta zu eta ni garen publikoa. Eta batzuetan, komunitate izatera heltzen da ere.

Gaur gauean, NAIZ Kontzertuak izeneko ekimenaren jaiotza ikusi dugu. Seguruenik, komunitate bat bezala gozatu dugu Gatiburen kontzertuaz. Ez dugu aldamenekoaren ukondoa, sorbalda edo bizkarra ukitu. Ezta arnasa eta oxigenoa partekatu. Ez dugu izerdia batera bota. Baina, nolabait, publikoa izan gara. Publiko edukitze horrek, Gatibu talde bihurtu du beste behin. Eta, esan bezala, agian, komunitate zabal bat osatu dugu berriro. Gure musikaren inguruan batu den, batzen den eta batuko den komunitatea.

Gure komunitatea, gure eszena txiki eta berezi hau, zorionez, talde nabarmen askok osatzen dute. Bere erara, bere hizkuntzarekin, irribarrearekin eta publiko handia eta zabalarekin konektatzeko gaitasunarekin, Gatibu gure erraldoien artean dago. Eta horrela erakutsi dute gaur, Azpeitiako Sanagustin Kulturgunetik mundura.

Gauza asko lehertu dira mila zatitan lehen akordeekin. Zuzenekora itzultzeko ilusioa, zuzenekoa baita musikaren giro naturala. Bestetik, ziurrenik, edozein musikarirentzat guztiz berria den une bat apurtzeko beharra somatzen da Sanagustineko agertokian. Aretoan bertan, inoiz baino publiko gutxiago egongo da baina ia 4.000 pantaila daude Gatiburen kontzertuaren zain.

Plano sano polita Sanagustinetik heltzen dena. Taldearen ostean, osasun tarteak zaintzen, ezarrita, publikoa. Gure komunitatearen lagin distiratsua. Dantzatzen, bizitzen. Sarduik «bizitza apur bet bueltatzeko garaia bazen», esan du. Eta horra doa, berriro, nekaezina, Alex bere dantzekin, bere irriarekin, bere ahotsarekin. Hiru kanta eta gero, rocka eta power popa uztartu eta gero, gaueko lehenengo klasikoaren momentua dator. “Urepel” abestiak Gatiburen kideak urduritasunetik askatu ditu eta kontzertua gorantz, are gehiago, egin du. “Iraultza alaia”, agian osasun krisialdiaren ostean etorriko denari buruz aritu dira jarraian.

«Inor ez da inor baino gehiago», dio Sarduik “Ez naz makurtuko” kantua aurkezteko. Konposizio interesgarria, ñabarduraz betea, nahiz eta rocketik abiatuta erritmoak dira protagonista, dantza egitera eta gozatzera gonbidatzen duten ritmoak.

Alex Sarduik testu honen sarreran aipatutako rockaren alde mistikoari berba egin du “Bang Bang Txiki-Txiki Bang Bang” aurkezteko. Poza adierazi du «taldea batu, furgoneta hartu eta zuen aurrean aurkeztu garelako». Kill Bill filmeko jatorrizko soinu-bandaren akorde batzuk jo eta gero hasi dira beraien beste klasiko batekin. Amaieran Sarduik barre baino ezin du egin eta “Gabak zerueri begire” kantaren lehenengo akordeak entzun dira.

Gatibu gure pop modernoaren artisauak dira. Ez dute inoiz beren sekretua partekatuko baina publiko handiarekin lortutako erabateko konexioa harrigarria da. Eta tonu positibo, alai eta bizitik lortzen dute. Jendeak eskertu, dantzatu, irribarre egin eta dantzatu ahal izatea eta zoriontsu izatea bezalako gauza sinple batez gozatzen du. Batzuetan, dena ideia sinple horretan laburbildu beharko litzateke. Dantza egin eta zoriontsu izan. Kalean eta euria ari duen bitartean bada ere, dantzatu. “Euritan dantzan”. Eta amaierako abestia, nola ez, beste ospakizun emotibo baten eskutik dator: “Aske maitte”, jaiari amaiera ezin hobea emanez.

Gatibuk konfinamenduaren ondorengo bizi askapena piztu du NAIZ Kontzertuen lehenengo emanaldian. Ordu bateko kontzertuan zehar dakitena egin eta eskaini dute. Pop eta rockari bizitasuna ematen, zoriontasuna eskaintzen eta gure komunitatea, beste batez, irribarre batekin astinduz. Dantzatu, euria bada ere, dantzatu, ze etorkizun hurbil batetan herriko plazetan eta aretoetan elkartuko gara berriro.