NAIZ
DONOSTIA

Hamabost mendetako euskal pentsamendua bildu du Joxe Azurmendik bere azken lanean

Erdi Arotik XX. mende hasiera arteko euskal pentsamendua jasotzen du ‘Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Eskolaren eta gogoetaren lana gizaldiz gizaldi’, Joxe Azurmendiren liburu berriak. Pentsalari zegamarraren urteetako lanaren emaitza da, eta UPV/EHUko Joxe Azurmendi Katedraren eta Jakinen arteko elkarlanari esker argitaratu berri da. 

Joxe Azurmendi eta Pedro Miguel Etxenike, 2019ko abenduan. (Jon URBE/FOKU)
Joxe Azurmendi eta Pedro Miguel Etxenike, 2019ko abenduan. (Jon URBE/FOKU)

Euskal Herriko pentsamenduaren eta eskolen historia arakatzen urteak eman ditu Joxe Azurmendi pentsalariak (Zegama, 1941), han-hemen argitaratutakoa batzen eta aztertzen, eta lan eskerga horren emaitza da UPV/EHUko Joxe Azurmendi Katedraren eta Jakinen elkarlanari esker argitaratu berri den ‘Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Eskolaren eta gogoetaren lana gizaldiz gizaldi’ liburua, Ur-jauzia bilduma berriaren lehen zenbakia.

Erdi Aroan hasi eta XX. mende hasiera arteko pentsalariak eta eskolak aztertu ditu Azurmendik. Antonio Casado da Rocha UPV/EHUko Hedakuntza Zuzendariaren hitzetan liburu «argigarria da», izan ere bere ustez «badago ezagutzen ez den euskal pentsamendua, eta liburu honek hutsune garrantzitsu bat betetzen du».

Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruak, bestalde, adierazi du «euskal ekoizpen intelektualaren historia sistematikoaren ernamuina» aurkezten duela zegamarrak, horretarako ehunka eta ehunka pentsalari eta idazle, jakitate esparru guztietan barna murgilduz: filosofia, politika, zientzia, teknika, historia, zuzenbidea, artea, gizartea, kultura, hizkuntza, medikuntza, ekonomia, literatura, erlijioa… «Eta ekoizpen horren garaian garaiko testuinguru historiko, sozial eta kulturala argitzen ere arreta berezia jarriz», erantsi du.

Edukia, hain zuzen ere, bost atal historiko nagusitan banatuta dator: Erdi Aroaren hastapenak, Erdi Aroa, Aro Modernoa, Ilustrazioa eta XIX. mendea; XX. mendearen sarreran kokatzen gaitu liburuaren azken atalak, sozialismoaren eta abertzaletasunaren hastapenean.

Gureaz hausnartu

Azurmendiren lan berriak zerbait eskaintzen badu hori «gureaz hausnartzen jarraitzeko» aukera da. «Nazioartekoari hainbeste begiratzen zaion honetan, ezin dugu ahaztu hemen, gurean bertan, nazioarte mailako pentsalari bat dugula, zeinek ezin dion ‘etxeko’ izateari utzi; eta hamaika konparaketa eta hausnarketaren ondoren, bada, euskaldunak guztiz normalak garela erakusten digu, bestelakoen antzeko bertute eta bizio guztiekin», azpimarratu du Iñaki Zabaleta Gorrotxategik, Pentsamendu Garaikidearen Joxe Azurmendi Katedra proiektuaren koordinatzaileak.

Erantsi duenez, «funtsean, eta ez bakarrik hemen, argi eta garbi erakusten digu berak honakoa: ezinezkoa da ‘gurea’ izatea nahi dugun etorkizun bat irudikatzea orain artean ‘gurea’ zer izan den ezagutu gabe».

Ur-jauzia bildumaz

Lankidetza berri baten fruitua da liburua, EHUko Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakin Fundazioak koedizioan argitaratu baitute. Izan ere, elkarlan horren lehen urratsa 2019ko abenduan egin zen Joxe Azurmendiren pentsamenduari eskainitako kongresuarekin. Bigarren urratsa, berriz, euskal pentsamenduaren sustatzaile izan nahi duen Ur-jauzia bilduma berria da. «Ur-jauzia Azurmendik berak pentsamenduaren zabalkundea eta eztabaidaren sozializazioa adierazteko erabiltzen duen metafora bat da», argitu du Lorea Agirrek Jakinetik.

Joxe Azurmendiren obra oparoa bezain sakona da: 40 liburu eta 500 artikulu baino gehiago ditu argitaratuak. Eta bere jardunaren hastapenetik izan du Euskal Herriari baliagarri izango zaizkion ideien argibiderako eta zabalkunderako xedea.