Dabid Lazkanoiturburu

Bere ondoan emakume beltz baten hautua egin beharko du Bidenek

George Floyden erailketak eragin duen arrazakeriaren eta poliziaren basakeriaren aurkako matxinadak presidenteordetzarako emakume beltz bat hautatzera behartuko omen du Joe Biden demokraten kandidatoa. Bere ondoan emakume bat jarriko zuela iragarria zuen. Orain matxinadak agintzen du.

 Joe Biden hautagai demokrata Floyden hiletaelizikizunaren orduan agerraldian. (David J. PHILLIP/AFP)
Joe Biden hautagai demokrata Floyden hiletaelizikizunaren orduan agerraldian. (David J. PHILLIP/AFP)

Kamala Harris senatari eta begikoena, Val Demings Ordezkarien Ganberaren hautetsia edo Keisha Lance Bottoms Atlantako udalburua: hirurek gogor eta emozioz hitz egin dute beltz bat polizia batek bere belaunaren pean itota erail zuela ikusteaz, baina bide batez emakume beltzak diren heinean pairatu duten esperientziari buruz ozen mintzatu dira.


 
Eta Etxe Zurira heltzeko hautagai demokrataren ondoan hauteskundeetan nor joango den kinieletan hiruren aukerek gora egin dute.

Maiatzaren 25ean Floyden erailketak astindu zuen justizia egarriarekin eta aldaketa sakon baten beharrarekin, hauteslego beltzak «presidenteorde beltza exijitzen du», dio Daniel Gillionek, Pennsylvaniako Unibertsitatean Politika Zientzien irakasleak.

Aitzitik, duela hiru aste faboritoak ziren Elizabeth Warren eta Amy Klobuchar senatari eta hautagai ohiak, eta Michigango gobernadore Gretchen Whitmer, hiruren aukerak gutxitu direla jabetu dira. Hirurak zuriak dira.

Joe Bidenek, Barack Obamaren presidenteordeak, joan den martxoan agindu zuen emakume bat aukeratuko duela bere ondoan azaroaren 3ko hauteskunde presidentzialetan Donald Trump Etxe Zuriko maizterraren aurka lehiatzeko. Eta hasieratik ez zuen baztertzen emakume beltz bat hautatzea.

Ondo baitaki Bidenek hauteslego beltzari zor diola beretzat erabat oker hasi ziren primarien zuzenketa eta azkenean irabazi izana. Eta hauteslego hori mobilizatzea ezinbestekoa duela lehendakaritzara iristeko.

Atzo CBS kateari eskaini zion elkarrizketan, Bidenek (77 urte) azken asteetan bere ondokoa aukeratzeko unea eta beharra aurreratu eta areagotu egin direla onartu zuen.

«Hautagai sendoa behar dut ondoan, lehenengo egunetik presidente izateko bere burua prest ikusten duena», azaldu zuen hauteskundeak irabaziko balitu Ameriketako Estatu Batuetako agintari zaharrenetarikoa bilakatuko denak.

Legealdi bakarra?

Izan ere, Bidenen inguruak agintaldi bat eta bakarra osatuko lukeela iragarri dute. Beraz, bere presidenteordeak aukera guztiak izango lituzke 2024an hautagai bihurtzeko.

Aurtengoa oso kanpaina berezia da, koronabirusarekin eta Floyden erailketarekin, eta ezin da baztertu gauzak aldatuko ez ote diren hemendik abuztuaren 1era, bere ondoan egongo denaren izena jakitera emango duenera arte.

Baina, egun, «Bidenek arrazoi asko ditu hautagai beltzen artean aukeratzeko», onartzen du Kyle Kondik-ek, Virginiako Unibertsitatean politologoak.  

Kamala Harris

Demokraten primarietan Bidenek aurkari izan zuen Kamala Harris (55 urte) hasieratik izan da faboritoa, batez ere bere esperientzia dela eta.

Etorkin jamaikar eta indiarraren alaba, lehen emakumea eta lehen beltza izan zen Kaliforniako fiskaltza nagusiaren kargua hartzen. 2017an Senatuan eserleku bat lortu zuen arte ez zen jatorriz Hegoaldeko Asiako senataririk, eta senatari beltz bakarra.

Harrisek gogor astindu zion Bideni debate batean, non egungo hautagaiak arrazagatiko segregazioari buruz izan zuen jarrerak salatu zituen.

Biek aspalditik ezagutzen dute elkar eta publikoki berradiskidetu egin dira. Hala ere, nola diren gauzak, gutxiengoei begira auzitegi sistema guztiaren ikuspegia kolokan dagoen honetan, fiskal nagusi izanak mesede baino kalte gehiago egin diezaioke Harrisi.

Val Demings

2017tik Ordezkarien Ganberan hautetsia, Val Demings (63 urte) ezaguna egin zen Trump kargutik kentzeko (impeachment) prozesuan.

Floyden erailketaren ostean «arrazakeria instituzionalaren» aurka egin dituen adierazpenek famatu egin dute. Politikan sartu aurretik Orlandoko (Florida) Polizian lan egin zuen 27 urtez eta 2007an hiriko lehen Polizia-burua izendatu zuten.

Florida hauteskunde guztietan Estatu klabeen artean (Swing States) dago garaipena eskuratu ahal izateko. «Joe Bidenek hala eskatzen badit, baietz erantzungo diot», azaldu du.

«Teorian polizia izandakoari probetxua atera ahal dio, alde batetik segurtasun indarrei sostengua emanez, baina bide batez manifestarien aldarrikapenak bere eginez», dio Kyle Kondik-ek.

Keisha Lance Bottoms

AEBen mailan esperientzia politikorik ez duen arren, bi urte Atlantako udalburu lanean diharduen Keisha Lance Bottoms asko hazi da Trumpen aurkako mezuekin.

Presidenteak Floyden enpleguaren datuak azpimarratzeko erabil izanak «nazkatu» egin zuen Atlantako alkate beltza. «Inolako enpatiarik azaltzeko gaitasunik ez du, besterik ez. Ezin dugu berarengandik ezer espero», gaineratu zuen.

Protesta batean, Bottomsek megafonoa hartu eta bere «arbaso esklabu beltzei esker» egun alkatea dela iragarri zuen. Floyden erailketak bere «ama» balitz moduan mindu zuen. «AEBetan lau seme-alaba beltzen ama naiz, eta batek 18 urte ditu», gogoratu zuen.

Alkate beltzak

Bottomsen izena asko entzun da egun hauetan baina ez da izan goraipatu den «alkate» bakarra. San Frantziskoko udalburu den London Breed, Txikagokoa, Lori Lighfoot, eta Washington DCkoa, Muriel Bowser, asko entzun dira protestetan. Azken kasu honetan elektoralismo hutsa egotzi dio Bowserri Black Lives Matter mugimenduak.

Azkenean, eta presidenteorde kargurako hautagaien harira bueltatuz, beltza izanda ere Stacey Abramsen aukerek behera egin dute, Georgiako Estatu atzerakoian gobernadore kargua hartzekotan egon bazen ere. Ezkertiar peto petoa, sektore progresistengan oihartzun handia du.

Susan Rice Obamaren Segurtasun Nazionalerako aholkularia izan zenaren aukerak ere behera egin du, beltza eta Nazio Batuen Erakundean enbaxadore gisa esperientziaduna den arren.