NAIZ

Netanyahuk Trumpi eskainitako kokalekua Golango Gainetan altxatuko duela iragarri du

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak igande honetan jakitera eman du Donald Trump AEBetako presidenteari eskainitako kokagune berria Golango Gainetan eraikiko duela,‘Ramat Trump’ (Trumpen garaiak) izenarekin. 120 familia israeldar joango dira hara bizitzera.

Kartel handiak Trumpen eta Netanyahuren aurpegiekin. (Ahmad GHARABLI/AFP)
Kartel handiak Trumpen eta Netanyahuren aurpegiekin. (Ahmad GHARABLI/AFP)

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak igande honetan iragarri duenez, Golango Gainetako lurralde okupatuan, Siriako mugan, kokagune berri bat eraikiko du, Donald Trump AEBko presidentearen omenez, hau da, Israelen nazioarteko aliatu handiaren omenez.

Iaz aurreratu zuen bezala, Netanyahuk berretsi egin du etxebizitza berri horiek urte hasieran AEBrekin abiatutako aldebakarreko bake planaren barruan daudela. Palestinak plan hori erabat baztertu eta gaitzetsi zuen.

«‘Ramat Trump’ kokagunea Golango Gainetan eraikitzeko urrats praktikoekin hasiko gara», adierazi du lehen ministroak Ministroen Kontseiluaren asteroko bileraren ostean. Horretarako, eta 'Jerusalem Post' egunkariaren arabera, Ministroen Kontseiluak 2,3 milioi dolarreko hasierako aurrekontua onartuko du eraikuntza prestatzeko.

120 familia biziko dira Ipar Amerikako presidenteari eskainitako kokagune horretan.

Israelek Siriako Golango Gainak bereganatu zituen arabiar-israeldar gerran 1967an, eta lurraldea 1981ean anexionatu zuen. Nazioarteko komunitateak ez du okupazio hori onartzen baina, aldiz, Trumpek aurreko urteko martxoan onartu zuen.

Golango Gainak

Golango Gainetan Israelen okupazioaren eta Siriako gerraren artean oso egoera zailak bizi dituzten kultura ezberdinetako taldeak bizi dira gaur egun, 7K aldizkarian argitaratutako erreportaje honetan azaltzen denez: ‘Viaje a la Siria ocupada por Israel’.