NAIZ

Sekretu Ofizialen Legearen babesean dagoen dokumentazioa argitzeko eskatu du Egiari Zorrek

CIAren dokumentuek Felipe Gonzalezek GALen sorrera adostu zuela agerian utzi izanak ez du harritzen Egiari Zor Fundazioa, baina gauza jakina izateak ez die gertakizunei «larritasun apur bat ere kentzen» bere ustez.

Estatu terrorismoa salatzeko Egiari Zor Fundazioak Hernanin egindako ekitaldi bat (Jon URBE/FOKU)
Estatu terrorismoa salatzeko Egiari Zor Fundazioak Hernanin egindako ekitaldi bat (Jon URBE/FOKU)

CIAren desklasifikatutako dokumentu batek «terroristak legez kanpo borrokatzeko Felipe Gonzalezek armadaren kontrolpean dagoen mertzenario talde bat osatzea» adostu izana azaltzeak ez du ezustean harrapatu Egiari Zor Fundazioa. Bai, ordea, «albiste honek izan duen oihartzun mediatiko txikia eta eragin duen erreakzio politiko eta instituzional urria, publiko egindako dokumentazioaren edukiaren larritasuna kontuan hartuta: Estatu espainiarreko Gobernuko presidente batek, demokratikotzat eta zuzenbidekotzat jotzen den Estatu bateko presidenteak, talde terrorista bat eratzea erabaki zuela pertsonak hiltzeko».

Ohar batean agertu duenez, gauza jakina izanagatik, 36 urte beranduago azaleratu izanak ez die gertakizunei «larritasun apur bat ere kentzen», are gehiago, areagotu egiten omen ditu «36 urtetan Estatu terrorismoa ikertzeko borondate politikorik ez delako egon», «diru publikoarekin finantzatutako krimenak estaltzeko diru publikoa erabili delako» eta «GAL sortzea erabaki zuten botere karguek biziarteko pentsioak kobratu dituztelako eta gertaera horiekin lotuta kondenatutako Gonzalezen Gobernuko beste kide batzuei indultuak eman zaizkielako».

Erantzukizunak eskatu

Horren aurrean, biktimak izanda, uste dute «GALen sorrerarekin zerikusia izan zuten guztiei, baita gure senideak hil eta tirokatu zituztenean beste aldera begiratu eta isildu zirenei ere erantzukizunak euren gain hartzeko eskatu behar zaiela». Era berean, «gertakari horietatik eratorritako erantzukizun guztiak argitzeko eskatu behar da, besteak beste: 29 hilketa; larriki zauritutako pertsona kopuru handia; bahiketak; pertsonen ondasunen aurkako kalteak...». Eragindako kaltea aitortzea ere eskatzen die Egiari Zor Fundazioak.

Gainera, GALek eta Estatu terrorismoaren beste sigla batzuek (BVE, Triple A, ATE, GAE...) egindako krimen gehienetan ere –79 pertsona erail zituzten– gertatutakoaren eta horien inguruko egia osoa ere ez dela argitu gogoratu dute.

Egiari Zor Fundazioaren ustez, «garaia da Estatu terrorismoari eta gatazka politikoaren esparruan giza eskubideak urratu eta heriotzak eragin dituen bestelako Estatuaren indarkeria mota askotarikoei argia jartzeko».

Horregatik, uste du «Estatu espainiarrean desklasifikatu egin behar dela Sekretu Ofizialen Legearen blindajearen pean dagoen dokumentazio guztia. Izan ere, lege horrek ukatu egiten digu biktimen familiei senideekin gertatutakoaren egia jakitea eta, kasu batzuetan, baita gorpuzkiak non dauden jakitea ere, esaterako Naparra, Pertur, Larre edo Hernandezen kasuetan gertatzen dena».