NAIZ

10.000 haur baino gehiago hil edo mutilatu zituzten 2019an gatazka egoeretan, NBEren arabera

2019. urtean, 10.000 haur baino gehiago hil edo mutilatu zituzten gatazka egoeretan, aurreko urtean zenbatu ziren 12.014 kasuetatik behera, baina kopuru «handiegia» izaten jarraitzen du, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) txosten batek azpimarratu duenez.

Haur talde bat, «kasko urdinen» konboi bati begira, Kongoko Errepublika Demokratikoan. (Samir TOUNSI/AFP)
Haur talde bat, «kasko urdinen» konboi bati begira, Kongoko Errepublika Demokratikoan. (Samir TOUNSI/AFP)

NBEren Haurren eta Gatazka Armatuen ordezkari berezi Virginia Gambak azaldu duenez, Afganistan da umeen heriotza gehien izan dituen herrialdea, eta Siria eta Yemen ditu atzetik.

Hain zuzen ere, adin txikikoen heriotzen %25 gerrako lehergailuek, inprobisatutako lehergaiek eta minek eragin zituzten; NBEren ustez, horrek agerian uzten du aurrez aurre dauden alde guztien erantzukizuna, gobernuena barne, gatazka eremuak garbitzeari dagokionean.

Gainera, haurren aurkako 25.000 «bortxaketa larri» egiaztatu dituzte, egunean 70 inguru, 2018ak utzi zituen datuen antzera.

«Haur horien haurtzaroa minez, basakeriaz eta beldurrez bete dute, munduak horren lekuko den bitartean. Gatazkan dauden aldeek ez dute adingabeak babesteko betebeharra betetzen liskarretan, eta behar duten laguntza ukatzen diete», kritikatu du Gambak.

Bestalde, 2019an laukoiztu egin dira laguntza humanitarioa emateko oztopoak. Hala, gatazka guneetara laguntza hori sar ez zedin saiatzeko 4.400 istilu baieztatu dira.

Gainera, Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, langile humanitarioen aurkako eragozpen eta indarkeria maila handia egon zen, haien hornidurak arpilatu ziren, mugimendua murriztu zitzaien eta haurrei oinarrizko laguntza emateko lanean zailtasun guztiak ezarri zitzaizkien. Atal honetan, eszenatoki kezkagarrienak Yemen, Mali, Afrika Erdiko Errepublika, Israel, Palestina eta Siria dira.

«Gatazkan dauden alde guztiei dei egiten diet lehentasuna eman diezaietela gatazka guneetan dauden haurrei eta herri ahulei laguntza humanitarioa eskuratzeari, bai eta adingabeen babesean eta bizi-laguntzan adituak direnen lana ahalbidetzeari ere», eskatu du Gambak.

Ospitaleen eta eskolen izaera zibilarekiko «errespetu falta» ere egiaztatu du txostenak; izan ere, 2019an 927 eraso jasan zituzten, Afganistanen, Israelen, Palestinan eta Sirian batez ere. Gainera, azpiegitura horiek itxi eta helburu militarretarako erabili dira, eta, ondorioz, milioika haurrek ez dute hezkuntzarik eta osasun-zerbitzurik.

Sexu-indarkeria

NBEk 735 sexu-indarkeria salaketa egiaztatu zituen 2019an, baina azpimarratu dute datu horrek, ziurrenik, ez duela errealitatea islatzen; izan ere, urraketa asko ez dira salatzen, batez ere, erasotzaileen zigorgabetasuna, justiziarako eta biktimentzako zerbitzuetarako sarbiderik eza eta estigmaren beldurra direla eta.

Kasu honetan, gertaera dokumentatu gehien izan zituzten herrialdeak Kongoko Errepublika Demokratikoa, Somalia eta Afrika Erdiko Errepublika izan ziren.

Txostenaren arabera, 2.500 haur atxilotu dituzte gatazkan dauden aldeekin elkartzeagatik, «talde terroristak» barne. Horren harira, Gambak nabarmendu du adingabeak biktima gisa tratatu behar direla, eta atxiloketa azken baliabidea dela, epe laburretan bakarrik aplikatu beharrekoa.

Haur soldadu eta esklaboak

Bestalde, 7.000 haur baino gehiago errekrutatu edo erabili zituzten borrokarako 2019an. Kasu gehienetan, erreklutatzaileak estatukoak ez ziren aktoreak izan ziren Kongoko Errepublika Demokratikoan, Somalian eta Sirian.

Ikerketaren arabera, 1.683 haur ere bahitu dituzte, batez ere soldadu edo esklabo izateko. Somalian, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Nigerian egiaztatu zituzten kasu gehienak.

«Gatazka armatuetan haurren aurkako indarkeria zikloari amaiera emateko, birgizarteratze programa zabalak behar dira, hezkuntza, laguntza psikosoziala, osasun zerbitzuak eta enpleguak kontuan hartuko dituztenak», azaldu du Gambak, eta ahalegin horiei babesa emateko eskatu dio nazioarteari.

«Bakea da haurren aurkako bortxaketak murrizteko bide nagusia», gaineratu du.