Naiz
Bilbo

Bilboko Arte Ederren Museoak ‘Artearen ibilbidea’ osatu du bildumako maisulanekin

‘Artearen ibilbidea’ erakusketa didaktikoa aurkeztu du Bilboko Arte Ederren museoak. Museoaren bildumako 40 maisulan kalitate handian erreproduzitzeaz gainera, QR kode baten bidez obra hautaketa baten soinu-artxiboak doan deskargatu ahal izango dira euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko azalpenekin.

Erakusketa Bilboko Areatzan dago ikusgai aste honetan zehar. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Erakusketa Bilboko Areatzan dago ikusgai aste honetan zehar. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Azken hilabeteetan itxialdian egon ondoren, pixkanaka, gizartea dagokion espazio publikoa berreskuratzen ari da. Testuinguru horretan, BBK-k eta Bilboko Arte Ederren museoak bildumako maisulanekin ibilbide didaktiko bat osatu dute. ‘Artearen ibilbidea’ Bilboko Areatzan hasi da eta udan zehar Bizkaiko kostaldeko herriak zeharkatuko ditu. Urriaren 4ra arte herriz herri ibiliko da, museoko lanik onenen hautaketa –herri bakoitzean astebeteko egonaldia egingo du–.

Ibilbideak asmo didaktikoa du, eta funtsezko ibilbidea eskaintzen du museoaren bildumako 40 maisulanetan zehar; kalitate handiko teknika erabiliz egindako erreprodukzioak dira, eta xehetasunen zehaztasun txundigarria eta kolorearen fideltasun handia lortzen dute. Horrekin batera, 40 lanetatik 24k QR kodea izango dute, eta erakusketa bisitatzera hurbiltzen direnei aukera emango diete gailu mugikorrean iruzkinak dituzten audio fitxategiak doan deskargatzeko (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez). Gainera, 6 lanek haurrentzako diseinatutako kontakizun bat izango dute, 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendua.

Ekimenaren helburu nagusia museoaren bilduma bere aretoetatik harago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera gerturatzea da. Horrela, publikoak pinakotekaren ondare komun aberatsaz gozatu ahalko du eta bere garrantziaz jabetzeko aukera izango du, artearen historiako hainbat garai eta eskolatako artista handien obra seinalatuen bidez; gainera, teknologiari esker, haren ezagutzan sakondu ahal izango du.