Puntu bakarra lortu du Eibarrek Ligaren itzuleraren lehen bi jardunaldietan. Sari txikia, helburua lortzeko urria, baina emaitzetatik harago begira, teknikari armaginek baikor izateko arrazoiak daudela uste dute. José Luis Mendilibar zigortuaren lekukoa hartu duen Andoni Azkargorta bigarren entrenatzailearen esanetan, taldea «lehiakor eta fisikoki indartsu» ikusi dute partida bietan eta eskeini dituen «sentsazioak onak izan dira».
Athleticen aurkako egindako bigarren zatia azpimarratu du, batez ere, Azkargortak. «Ez genekien taldea nola egongo zen, etxean bi hilabete eman ondoren eta oso prestaketa ezohikoa egin ondoren; zalantzak genituen. Baina pozik gaude taldeak, fisikoki eta joku mailan, eskaintzen ari denarekin. Athleticen aurkako bigarren zatian, adibidez, ‘benetako’ Eibar ikusi genuela uste dut, erdiraketa askokin, baloi asko berreskuratuz, hegaletara azkar zabaltzen, aurkako zelaian eroso egoten… Alde horretatik pozik eta lasai egon gaitezke, bide honetatik jarraitu behar dugula jakinda».
Kontrako aldean, «oraindik irabazi ez izana» eta, batez ere, jokatutako norgehiagoka bien lehen minutuetan jasotako golak egongo lirateke. «Zale barik jokatzeak exijentzia handiagoa dakar konzentrazio aldetik –azaldu du entrenatzaile antzuolatarrak–. Zailagoa da martxan jartzea eta ondo prestatu behar gara partidetan azkar sartzeko. Horrek pixka bat arduratzen gaitu, gure hitzaldietan horri buruz asko hitzegin dugu. Ia zuzentzen badugu berandu baino lehen».
Berehala, izan ere, gorriurdinen hurrengo aurkaria zein den kontutan hartuta. Getafe bisitatuko dute bihar eta argi daukate «oso talde zaila eta gogorra» dela. «Oso ausarta, beti aurreraka jokatzen duena, exijentzia handikoa, banakako lehietan gogorrak, zure zelaian sartzen zaituna eta, adi ez bazaude, jaten zaizuna». Bi gako azpimarratu ditu Azkargortak. Alde batetik, «partidan ondo sartzia. Getaferen aurka ondo ez bazara sartzen gero oso zaila da buelta ematea». Eta bestetik, «banakako lehietan hobeak izatea. Ondo egon banakako lehia horietan eta horien ondorioak zaindu, bigarren baloiak eta lekuak hartzea, batez be hutsik geratzen diren espazioetara eurak baino lehen heltzea».
Azkargortak berak zuzendu beharko du taldea aulkitik, José Luis Mendilibarrek bi partidatako zigorra jaso baitu Athleticen kontra «qué mierda es esto» esateagatik txartel gorria ikusi ondoren. Kexu agertu da bigarren entrenatzaile armagina, larregizkoa ikusten baitu zigorra. «Ez da izan gauza lari bat kanporatzeko modukoa. Asko jota, txartel ori batekin edo abisu batekin konpontzeko modukoa. Gainera partida guztian misterra ixilik egon zen, ez zuen egin inolako protestarik eta esan zuena esateagatik kanporatzea larria dela uste dut, eta gainera bi partida jaustia are eta larriagoa».
Ez da azken egunotan bizi izan den egoera harrigarri bakarra. Eibarrek ekainaren 30ean kontratoa amaituko duten jokalariekin izan dezaken balizko arazoarentzat Ligaren erantzunik ez dagoen bitartean, Celtak aurrelari bat fitxatu ahal izan du atezain baten lesioaren ondorioz, azken jardunaldi hauek jokatzeko. «Ez dut uste aukera berdintasuna dagoenik baina Ligak eta klubek horrela jokatzea erabaki dute. Ez dakit oso argi bazeukaten horrelako gauzak gerta zitezkela baina arau hauekin jokatzea erabaki dute. Guk argi daukagu orain gurekin dauden jokalari batzuk alde egin dezaketela ekainaren 30ean baina 28. jardunaldian jokatzera irten ginenean ere bagenekien. Ez dago gure eskuetan», esan du.
Aldaketa egongo dira, bestetik, Getaferen aurka arituko den hamaikakoan. Taldearen erantzun fisikoa ona izan bada ere, teknikariek uste dute «hirugarren partida honetatik aurrera nekea nabarituko dela». Argi dago, beraz, minutu gehien lehiatu dituzten jokalariek –Arbilla, Correa, Orellana, Kike– aulkitik ikusiko dutela norgehiagokaren hasiera.