NAIZ
DONOSTIA

Komisario Berriak 2020 aurkeztu dute, sortzaile profesional berrien sorrera sustatzeko

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Tabakalerak, Alondegiak eta Artium museoak martxan jarri dute Komisario Berriak 2020, haien arteko lankidetzari esker. Helburua, komisarioaren praktika garatzea eta artearen munduko profesional berriak sortzea eta sendotzea da.

Komisario Berriak ekimena Tabakaleran aurkeztu dute, ostiral honetan (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Komisario Berriak ekimena Tabakaleran aurkeztu dute, ostiral honetan (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Tabakalerak, Alondegiak eta Gasteizeko Artium Museoak indarrak batu dituzte berriz ere Komisario Berriak 2020 antolatzeko. Proiektuaren aurkezpenean azaldu dutenez, ostiral honetan, ekimen honen helburua da komisarioaren praktika garatzea eta artearen munduko profesional berriak sortzea eta sendotzea. Dagoeneko ireki da deialdi honetara aurkezteko epea, eta hautagaiek hiru beka izango dituzte eskura, zentro laguntzaile bakoitzeko bana, hain zuzen.

Lau dira erronkak, Bingen Zupiria sailburuordeak adierazi duenez: «Lehenik eta behin, komisarioen belaunaldi berri bat bultzatzea, ezagutzaren trukea sustatzea Europako profesionalen artean, artista berriak sartu Europako arte zirkuluetan eta, azkenik, lankidetza sareak sortu nahi ditugu tokiko erakundeen artean».

Proiektuan parte hartzen duen zentro bakoitzak lan-ildo bereizi bat proposatzen du, eta zentroak arduratuko dira beken deialdia modu koordinatuan kudeatzeaz. Deialdi hau komisariotzaren arloari lotutako ibilbidea duten pertsona fisikoei zuzenduta dago: historialariak, artistak, komisarioak eta ikerketaren arloko beste profesional batzuk. Era berean, hautagaiak zentroetako bat aukeratu beharko du bere proiektua aurkezteko; hautagai berak ezin izango du proiektu bat baino gehiago aurkeztu zentro ezberdinetara.

Proiektuak 30.000 euroko aurrekontua du; hortaz, gehienez 10.000 euro bideratuko dira proiektu bakoitzera. Eskabideak aurkezteko epea datorren uztailaren 10era arte egongo da zabalik.

Hiru zentro, hiru proposamen

Tabakalerak Komisario Berriak 2020 egitasmorako egindako proposamena formatu digitalean oinarritzen da. «Eremu digitalerako online erakusketak, mikroguneak, esku-hartzeak, argitalpenak edo arte-sorkuntza digital berriak garatuko dituzten proiektu kuratorialak bilatzen ditu», azaldu du Kultura zuzendari den Clara Monterok.

Bilboko Alondegiak berriz kultura-kuradoretzaren aldeko apustua egin du, eremu zabal bat hartuz: proposatu duten komisariotzak ikuskera artistiko jakin bat du, «zeinaren arabera erakusketak edo beste edozein gailuk edo metodologiak funtzionatuko baitu diziplina batetik bestera igarotzeko kapitulu gisa, betiere aurretiazko ikerketen eta ezagutzen eraginpean».

Hortaz, erakusketaren espazioa eta denbora inplikatuko dituen komisariotza jarri nahi dute abian, baina, aldi berean, horiek gainditzeko gai izango dena.  

Azkenik, Beatriz Herraezek azaldu duenez, Artium Museoaren proposamenaren xedea zera da: komisariotzaren dimentsio historiko eta narratiboaren garrantzia biltzen duten praktika kuratorialak ikertzea eta garatzea; EAEn praktika artistikoen testuingurua garatzeko garrantzitsuak izan diren azterlan espezifikoen kasuak, artisten ibilbideak, testuak, erakusketak, espazioak eta bestelako ekimenak.