Ane URKIRI

Alavesek jipoi ederra jaso du Celtaren etxean (6-0)

Porrot mingarria jaso du Alavesek Celtaren etxean eta ezin izan dio segida eman ostegunean abiatutako bide onari. Babazorroek itxura makala eskaini dute eta gol andana jaso dute. Murillo, Aspas, Rafinha, Nolito eta Mina izan dira golegileak. [Neurketako xehetasunak]

Martin Agirregabiria eta Denis Suarez, Mendizorrotzako neurketan. (Juanan RUIZ / FOKU)
Martin Agirregabiria eta Denis Suarez, Mendizorrotzako neurketan. (Juanan RUIZ / FOKU)

Kontu bat da itxura makala eskaintzea eta beste kontu bat da ez lehiatzea. Eta Alavesek bigarren hori egin du Balaidosen, igande eguerdian jokatutako neurketan. Bi penalti, txartel gorri zuzen bat eta ezer gutxi egin dute gasteiztarrek.

Ostegunean urrats garrantzitsua eman zuen Reala 2-0 garaitu ostean baina ezin izan dio segida eman bide onari. Goizegi erlaxatu da eta jipoi galanta jaso du Celtaren aurka, arerio zuzen baten aurka, alegia. Galiziarrek 388 minutu zeramatzaten golik ezin eginda eta 45 minutuan lau egin dizkio Alavesi.

Espanyolen aurka erakutsitako itxura makala errepikatzea erronka zaila zela uste zen; bada, 30. jardunaldiko lehian erronka hori gainditu egin du Asier Garitanoren taldeak.

Oso goiz jarri zaio maldan gora neurketa, hamairugarren minuturako, hain zuzen ere. Murillok burukada batekin ireki du markagailua eta kolpe honi erreakzionatu nahian zeudela, Fejsak penaltia egin du. Aspasek ez du barkatu 2-0ekoa egiteko.

Hau gutxi balitz −20. minuturako bi goleko aldeari aurre egitea, alegia−, jokoaren orduerdia bete aurretik Martin Agirregabiriak txartel gorria ikusi du Rafinhari egindako falta gogor baten ondotik. Honen ostetik, Agirregabiriarekin batera utzi du zelaia Alavesek.

Jada bi pase segidan uztartzeko zailtasunak erakusten ari bazen, hamar jokalarirekin zailago bihurtu da hori eta defentsako sendotasunak ere ihes egin du. Alaves ez da inoiz nabarmendu pase asko emateagatik baina datu argigarria da 70. minutuan soilik 160 pase on eman izana.  

Rafinhak bi gol eder egin ditu atsedenaldia baino lehenago, kasik erabakita zegoen neurketa are gehiago zailduz. Bigarren zatian ezer gutxi gertatu da baina, hala eta guztiz ere, bi gol gehiago egin dituzte etxekoek. Nolitok penaltiz egin du bosgarrena eta seigarrenean pase izugarria jarri dio Minari seigarrena egiteko.

Aldaketa asko

Hiru egunetik behin neurketa bat jokatzearen ondorioz, entrenatzaileak derrigortuta daude hamaikakoan aldaketak egitera. Garitanok, gainera, Duarte eta Pina derrigorrez ordezkatu behar izan ditu gaurkoan, zigortuta baitzeuden, eta bi arlo horietan igarri da Alavesen makaltasuna.

Javi Lopez defentsa hegaleko jokalariak debuta egin du baina zenbait hutsegite egin ditu, tartean bigarren zatiko penaltia. Ez da ulertu Edgar Mendezekin. Bestalde, zelai erdian Fejsa eta Pere Ponsek osatutako bikoteak ez du erakutsi sendotasunik. Hala, Joselu eta Lucas Perezek apenas ukitu dute baloirik.

Paulinoren debuta ere izan da gaurkoa eta bere parte hartzea entzutetsua izan ez bada ere, merezi du nabarmentzea.