Naiz

Dantz Home ospatuko da lehen aldiz asteburu honetan

Larunbatean Dantz Home ekimena estreinatuko du musika garaikide eta elektronikoko Dantz plataformak. Hala, Getarian (Gipuzkoa) egingo duten DJ ikuskizuna internet bidez zabalduko dute. Sistema honek ekimenak antolatu nahi dituztenei laguntza eskainiko die prestatu beharreko guztia erraz lortu dezaten.

Tabakaleran egindako aurkezpena. (NAIZ)
Tabakaleran egindako aurkezpena. (NAIZ)

Dantz musika garaikide eta elektronikoko plataformak bere proiektu berriak aurkeztu ditu gaur Donostiako Tabakaleran egin duten prentsaurrekoan. Alarma egoera dela eta, orain arte ematen ari ziren pausoak azkartu egin dituzte eta plataformaren baitan eremu berriak martxan jarri dituzte.

Hala, asteburu honetan Dantz Home ekimena martxan jarriko dute lehen aldiz. Honen baitan herritarrek antolatzen dituzten bilera, festa, elkarretaratze edo ospakizunen berri eman dezakete, eta Dantz-ek horiek aurrera eramateko laguntza ematen diete.

Hala, Dantz-ek ekimen horiek prestatzeko behar dutena herritarren esku jartzen du, DJak, musika eta argi ekipamendua, streaming bidez zuzenean eskaintzeko aukera, barra edota cateringa edo baimenen kudeaketa, esaterako.

Lehen Dantz Home horretan Balza, El_Txef_A, Ines eta Junaited izango dira protagonistak. Getariko Villa Embilen izango da zuzenekoa larunbatean, 17.00etan, eta Dantz-eko Facebook orrialdearen bitartez ikusi ahalko da streaminga.

Villa Embilek DJ saioez gozatzeko beharrezkoak diren eskakizunak betetzen ditu –distantzia mantentzeko aukera ematen du–, eta horregatik aukeratu dute leku hori.

Bestalde, Dantz-ek orain arte dituen plataformak indartu egingo ditu, berriak sortzearekin batera. Dantz Festival eta Dantz Point mantendu egingo dituztela iragarri dute, eta duela aste batzuk aurkeztu zuten Dantz Terrace proiektuak aurrera pausoak emango ditu.