Mikel Barrios iruindarrari bost urteko kartzela ezarri diote gaur arratsaldean Pariseko Auzitegi Korrekzionalean egin dioten auzian.
Xantiana Cachenaut abokatuak baieztatu duenez fiskalak sei urteko kartzela zigorra eskatu du iruindarraren kontra. Finean epaileak bost urteko kartzela zigorra eman dio.
Barrios astelehenean sartu beharko da kartzelan, epaileak ez badu onartu defentsak aurketuko duen helegitea argitu bitartean Barrios kontrolpean libre jarraitzea, orain arte neurri judizialak bete baditu ere.
Fiskalak oso hitzartze laburra egin du audientzian. Izan ere, frantziar Poliziak hainbat zulo atzeman dituela esan du eta bestelako zehaztasunik eman gabe argudio hori baliatu du ETAk eginiko desarmatzea kolokan jartzeko, erakundeak arma guztiak ez zituela eman aditzera emanez.
Konponbide prozesua zalantzan eman du, «ETAko militanteak ez direla aldatu» nabarmenduz. Beste proba edo elementu berririk mahaigainean jarri gabe, kartzela zigorra eskaera altua egin du fiskalak.
Barriosen abokatuak ulergaitza jo du fiskalaren jarrera, baina bere esanetan «are larriagoa da oraindik ere epaileak bide beretik jotzea».
Defentsak, ordea, 2011az geroztik bakea lortzeko Euskal Herrian garatu den prozesua izan du aipagai. Barriosen kasua aipatuz, nafarra Ipar Euskal Herrian bizi dela eta lan bat baduela azaldu du.
Kartzela zigorra eskaerari fiskalak lotu dion bizi arteko lurralde debekuaren eskaera errefusatu du defentsak. Hala eta guztiz ere jujeak 10 urteko lurralde debekua ezarri dio Barriosi.
Auziaren bukaeran Cachenautek gaurko erabakiaren kontra helegitea aurkezteko asmoa agertu badu ere epaileak ez du helegitea argitu bitartean Barrios kontrol judizialpean kalean segitzeko eskaera onartu. Horrendako heldu den astelehenetik aurrera iruindarra kartzelan sartuko dute berriz.
Alemanian atxilotu zuten 2017an
Mikel Barrios eta Iñigo Gulina 2017ko urrian atxilotu zituzten Alemanian.
Barriosi «erakunde kriminaleko kide» izatea egotzi zioten hastapenetik, frantziar Estatuak euroagindu eskaera egin baitzuen.
Alemanian presondegian bi hilabete inguru eman ondotik, Berlingo Auzitegi Gorenak eskaera hori onartu zuen urte hartako abenduan.
Behin frantziar agintarien esku zelarik, Paris inguruetan dagoen Osnyko kartzelan izan zuten preso, 2018ko urriaren 26an aske gelditu zen arte.
Kontrol judizial zorrotza errespetatu du
Epaileak hainbat neurri ezarri zizkion eta preso ohiak lehen sei hilabeteak eskumuturreko elektronikoarekin iragan behar izan zituen, ordutegi zorrotzak bete behar izatearekin batera. Egun ere, poliziaren komisariara joan beharra du astean bitan izenpetzera.
Mikel Barriosi elkartasuna helarazteko eta gaur arratsaldean Parisen egin dioten auzia salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur 19.00tan Itsasun.
Bertatik heldu dira gaurko erabakiaren aurkako lehenengo erantzunak. Sare sozialen bidez erabakia onartezina dela adierazi du Euskal Herria Baik.
Epaileek, Mikel Barrios berriz espetxeratzeko erabakia hartu dute!
— EH Bai (@EHBai) June 23, 2020
ONARTEZINA!
Zertara dator erabaki hau? pic.twitter.com/qneKw6LZaT
Aitzina gazte antolakundeak bestalde «frantses estatuak, Fiskaltza antiterroristaren bidez darabilen blokeo estrategiarekin bukatzeko garaia dela» adierazi du.
Presoak etxeratzeko garaia dela oroitarazi ostean «Euskal Herriak eraiki duen bideari iraina dela» gaur Parisko Auzitegiak jakitera eman duen erabakia adierazi dute bakegileek.