Naiz

Lakuak 2.645.000 euroko laguntza sorta bat jarri du abian kultura-sektorea laguntzeko

Mikroenpresek izan dituzten galerak lausotzeko bi milioi euro bideratuko dituzte, eta beste alde batetik, laguntza lerro berri batzuk jarriko dituzte martxan kulturako bost sektoreei babesa eman eta jarduera sustatzeko.

Lakuako Kultura saileko ordezkaruiek laguntza berriak aurkeztu dituzte gaur. (IREKIA)
Lakuako Kultura saileko ordezkaruiek laguntza berriak aurkeztu dituzte gaur. (IREKIA)

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2.645.000 euroko laguntza sorta bat aurkeztu du kultura-sektorea laguntzeko covid-19ak sortutako alarma-egoeraren eta bizi izan den osasun-larrialdiaren ondorioen aurrean.

Laguntza multzo horrek bi ardatz ditu. Alde batetik, mikroenpresentzat diru-laguntza deialdi berri bat jarriko du abian hurrengo egunetan, enpresen gastu finkoak edo egiturakoak arintzen laguntzeko, 2 milioi euroko aurrekontu batez.

Bestetik, Sailak bost laguntza lerro jarriko ditu martxan, guztira 645.000 euroko aurrekontua dutenak, bost arlotan eragiteko: liburugintza, ilustrazioa, zinema-ekoizpena, arte plastikoen sorkuntza eta musika-ondarearen katalogazioa-digitalizazioa.

Bingen Zupiria Eusko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu ditu laguntza sorta honen xehetasunak: «Pertsonen artean pandemiak sortu duen oinazeaz gain, alarma-egoera eta pandemia gelditzeko hartutako neurriak ondorio nabarmenak izaten ari dira, gizarte mailakoak zein ekonomikoak. Ondorio horiek bereziki nabarmenak dira sektore batzuetan, eta kultura da, hain zuzen, horietako bat. Gaur aurkeztuko ditugun neurrien helburua da, lehenik, ondorio horiek arintzea, kultura-arloko enpresei haien gastu arruntari aurre egiten lagunduz. Halaber, aurrerapauso bat gehiago eman nahi dugu sormen-jarduera bultzatuz eta kultura-arloko enpresen jarduera babestuz», adierazi du.

Mikroenpresentzako laguntzak

Laguntza sortaren lehen ardatza kultura-enpresa txikietara zuzendutako laguntza-lerro berri bat da. Hurrengo asteartean Gobernu Kontseiluan onartuko den Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren deialdi honek 2 milioi euroko aurrekontua izango du, eta onuradun bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu gehienez ere.

Deialdi honen asmoa da kultura-arloko enpresei eta elkarteei babesa ematea, covid-19a dela-eta bertan behera geratutako jarduerak ustiatzeko kontuen gainean eragin handia duten gastu arrunten partidak finantzatuz. Ez dira kontuan hartuko langile-kostuak (gizarte-segurantza eta soldatak), neurri handi batean jada irekitako beste laguntza-lerro batzuen bitartez finantzatzen baitira. Lakuaren helburua da kultura-sektoreko enpresa-egiturak mantentzen laguntzea; enpresa txiki horiek izan daitezke sozietatedun pertsona autonomoak, sozietateak eta elkarteak.

Laguntzen onuradunek «mikroETEen» definizioan ezarritako irizpideak bete behar dituzte (Europar Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE); zehazki, 10 langile baino gutxiago izan behar dituzte, eta urteko fakturazioan 2 milioi euro baino gutxiago eskuratu). Halaber, frogatu behar dute osasun-larrialdiaren ondorioz geratu dela beren jarduera bertan behera edo, 2019aren aldean, %75 baino gehiago murriztu zaiela fakturazioa.

Bete behar duten beste betekizunetako bat da kultura-jarduerak izatea helburu, eta fakturazioaren %70 edo gehiago kulturari lotutako jarduera batetik edo batzuetatik eskuratzea. Alde horretatik, deialdi honetan xedatutakoaren ondorioetarako, profesionalki eta irabazi asmoz kultura-adierazpideekin zerikusia duten produktu edo zerbitzuak sortzea izango da ekonomia-jarduera.

Profesionaltasun-kondizioa bete behar da, jarduera egiten duen lantaldeko kideek sektorerako ezarritako konbentzio edo usadioekin bat datorren ordainsaria edukiz, baina inoiz ez da izango lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa. Horregatik, deialdi honetatik kanpora geratuko dira amateur diren elkarteak, baldin eta garatutako jardueraren truke elkartekideek berariazko agiri bidez egiazta daitekeen ordainsaririk jasotzen ez badute.

Bost laguntza-lerro berri

Laguntza sorta honen bigarren ardatzak euskal sortzaileen jarduera bultzatzea eta kultura-arloko erakunde eta enpresen jarduera babestea xede duten bost lerro hartzen ditu: liburugintzan, euskarazko liburu gehiago eta Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratutako liburu gehiago erostea, hurbileko liburu-dendei erosiz, Euskadiko Liburutegi Publikoen Sarerako; ilustrazioan sortuko diren lanak liburu grafiko eleaniztun batean argitaratuko dira (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez); zinema-ekoizpenean, fikziozko zortzi film labur egitea sustatzea, gero banaka edo film luze bakar batean multzokatuta banatu eta merkaturatzea da helburua; arte plastikoetan, artistei ezohiko erosketa bat egingo da Gasteizko Artium Museoaren, Bilboko Arte Eder Museoaren eta Donostiako Tabakaleraren arteko talde-ekintza batean oinarrituz; eta berrikuntza eta digitalizazioaren atalean, Lakuak 50.000 euro inbertituko ditu EAEn argitaratutako diskoen karatulak katalogatu, digitalizatu eta aztertzeko, Euskadiko Liburutegi Digitalari euskal kultura-ondarean garrantzi handia duen eta «modernotasunean sartzearen lekuko argi bat den» dokumentu-funts bat hornitzeko.