NAIZ
BILBO

Bermeoko portuan dagoen ‘Aita Guria’ baleontzia desegiteko erabakia hartu du Udalak

Portuan dagoen ‘Aita Guria’ baleontzia desegiteko erabakia hartu du Bermeoko Udalak, egituraren egoera «oso txarra» baita, itsas ingeniaritzako enpresa batek egindako azterlanen emaitzen arabera.

‘Aita Guria’ baleontziaren artxiboko irudi bat. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
‘Aita Guria’ baleontziaren artxiboko irudi bat. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, aurreko udal gobernuak enkargatu zituen azterlenak, eta, azken hilabeteetan jaso dituen txostenetan jasotzen denez, «2003an egindako baleontziaren egituraren egoera oso txarra da». «Printzipioz, urte horretan egindako ezer ezingo da aprobetxatu», esan du.

Berritze lanek ia milioi bat euroko kostua izango luketela adierazi du Bermeoko Udalak, eta horri gehitu beharko litzaizkiokeela «baleontzia ontziolan edukitzearen eta berritze lanak egin eta gero behar bezala mantentzeko kostuak eta urteko asegurua».

«Baleontzi hau irizpide historiko eta zientifiko nahikorik ez duen birsorkuntza bat dela kontuan hartuz, Bermeoko ondare historiko edo kulturalik ez litzateke galduko 'Aita Guria' baleontzia desagerraraziko balitz», dio itsas igeniaritza enpresak egindako txostenak.

Bada, arrazoi horiek guztiak kontuan hartuta, Bermeoko Udalak ondorioztatu du baleontzia berreskuratzeko lanak bere gain hartzea ezinezkoa dela, urtebeteko aurrekontuko inbertsio guztietako dirua ere ez litzatekeelako nahiko izango.

Gainera, jakinarazi duenez, 2003an egindako baleontziaren birsorkuntzak «galera garrantzitsuak» izan dituela azken urteotan. Masta eta belak galdu zituen haize bolada bortitzengatik, bere egoerak okerrera egin du eta azken urtea ontziolan igaro du, bisitaririk jaso gabe.

Halaber, txostenaren arabera, 2003an eraiki zen egurrezko egiturarako erabili zen materiala «ez zen kalitatezkoa izan». Seguru aski, «kalitate gutxiko pinu egurra erabili zen, edota denbora gutxiz sikatutakoa». Horri guztiari gehitzen zaio egurrari kurba forma emateko erabili zen tratamendua kaltegarria izan zela, kalitate gutxi zuen egurra hondatuz.

Azkenik, Bermeoko Udalak adierazi duenez, erabakia hartu aurretik, teknikarien hainbat txosten aztertu ditu, besteak beste, txosten ekonomikoa. Horren arabera, ‘Aita Guria’ baleontziak 2.277.555 euroko gastua izan du 2006tik 2019ra arte, eta 177.550 euroko diru sarrerak sortu ditu, hau da, autofinantzatzeko gaitasuna %7,8koa izan da.

Hori guztia aintzat hartuta, ‘Aita Guria’ baleontzia desegiteko prozedura abiatu du Udalak.