Hogei urtez Eresbil - Musikaren Euskal Artxiboa gidatu ostean, merezitako erretiroa hartuko dun Jon Baguesek eta, Errenterian, erakundearen egoitzan egindako agerraldian iragarri dutenez, Pello Leiñena izango da lekukoa hartuko duena.
Izendapena patronatua osatzen duten lau erakundeek (Gasteizko Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala eta Andra Mari Abesbatza) parte hartu duten hautaketa-prozesu baten bidez egin dela azaldu du Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak, eta proposatu diren bi hautagaien artean Leiñena «aho batez» izendatu dutela ziurtatu du.
Pello Leiñena (Donostia, 1965) Eresbil musika artxiboko teknikaria da 1991. urtetik eta «ondo baino hobeto» ezagutzen du erakundea. Oviedoko Unibertsitatean lizentziatu zen Musikologian eta ikasketa horiek San Ignacio abesbatzan eta Donostiako Orfeoian egindako ibilbidearekin uztartu ditu. Eresbileko teknikari gisa aritu den urteetan hainbat erakunde profesionalekin aritu da elkarlanean –artxiboei zein musika arloari dagozkienak– eta datu-base espezializatuak diseinatzeko eta kudeatzeko prozesuetan ere hartu du parte.
Hitza hartuta, Eresbilen sortzaile eta lehen zuzendari izan zen Jose Luis Ansorenarekin zein erakundearen zuzendaritza orain utziko duen Jon Baguesekin lan egin ahal izatea «ohore bat» izan dela ziurtatu du Leiñenak, «egunez egun asko ikasi dut beraiekin». Kargua hartzean, horiek irekitako bidetik jarraituko duela eta «ibilbide sendoa duen erakunde batek dituen erronka berriei aurre egiteko prest» dagoela ziurtatu du, eta musika-artxibo eta musika-dokumentuen kudeaketa-sistemetan izandako «aldaketa sakonei» helduko diela aurreratu du. «Horrek memoria digital garrantzitsu bat sortzea ahalbidetuko du, helburu izango duena gure egungo eta iraganeko errealitate musikala ezagutzea eta zabaltzea», esan du.
Eresbilen balioa artxiboan bertan zein hura gizarteratzean dagoela uste du Leiñenak, «batzuetan dokumentuak hartu eta kaxetan sartzen direlako, baina benetako balioa horiek gizarteratzean dago, eta guk lan hori Musikaste edo gure webgunearen bidez egiten dugu», jarri du balioan.
Bere aldetik, zuzendaritza uzten duen Baguesek esker ona agertu die Eresbilen «euskarri izan diren erakundeei» eta hogei urteotan alboan izan dituen lankideei, baita euren ekarpenekin artxiboa aberastu duten autore, musikagile zein horien senideei ere. «Eskertua nago, baita ere, 1974an Ansorenak Andra Mari abesbatzarekin batera sortutako bide horretan parte hartu ahal izan dudalako» eta erakundea lasai uzten duela ere esan du, Eresbil «esku profesionaletan» geratuko delako.
Eresbil - Euskal Musikaren Artxiboa 1974an sortu zen, musikaren ondarea bildu, zaindu eta zabaltzeko helburuarekin. Urte bete lehenago, euskal musikagileen lanak zabaltzeko helburuz Musikaste jaialdia antolatu zuten Jose Luis Ansorena eta Andra Mari abesbatzak, eta helburu berari helduko zion zentroa sortzeko beharra ikusi zuten. Handik sortu zen Eresbil, urtebete beranduago, Ansorena beraren gidaritzapean. Egun, Eresbilek 2.174 euskal musikagileren 35.436 konposizio ditu erregistratuta eta, bere webgunearen bidez, gizartearen eskura jartzen du bere datu-basearen zati bat eta funtsaren gida, eta zenbait musikagileren eta gai zehatzen gaineko web-orri espezifikoak ere baditu.