Naiz

Tabakalerak ikus-entzunezko zortzi proiektu hautatu ditu 2deo Sariaren 2020ko deialdian

Patrimonio Virtual SL, Euskal Wikilarien Elkartea, Kim Maiteny Munoa, Jone Arriola, Mirokutana Koop Elk. Txikia, La Traka Producciones, Carolina Cruz eta Pello Reparaz izangdo dira euren proiektuak garatu ahalko dituztenak. 

2deo ikus-entzunezko laborategia. (Gorka RUBIO I FOKU)
2deo ikus-entzunezko laborategia. (Gorka RUBIO I FOKU)

Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak 2deo Sariaren 2020ko deialdia ebatzi du, euskarazko ikus-entzunezko edukien 2deo laborategiaren bidez. Deialdira 99 proiektu aurkeztu dira eta horien artean zortzi hautatu dituzte. 2deoren deialdiaren helburua da ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuak garatu eta prototipatzea.

2deoko arduradunen arabera, «hirugarren deialdian parte hartze handia egon da. Gehienbat hautagai gazteak izan ditugu eta euskaraz proposatutako edukiak. Ondorioz, 2deoko laborategia finkatu egin da sormen espazio gisa, eta Euskadiko egungo ikus-entzunezko sektorearen leiho garrantzitsu bihurtu da».

Uztaila eta azaroa bitartean, 2deo laborategiak prestakuntza-saioak antolatuko ditu hautatutako ikus-entzunezko proiektuak aurre-ekoizteko. Gainera, aholkularitza profesionala eskainiko du edukia kontatzeari, lan prozesuei, proiektuak gauzatzeari eta jabetza intelektualari dagokienez. Hautatutako proiektu bakoitzak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa izango du.

Honako hauek dira preprodukzio-fasean 2deo laborategian lan egiteko hautatutako proiektuak: Patrimonio Virtual SL (Arkikus): Parallel V R Dantza, errealitate birtual paraleloko (PVR) app bat; Euskal Wikilarien Elkartea: Ikusgela, euskarazko eduki pedagogikoen web plataforma bat; Kim Maiteny Munoa: ‘Uroboros’ telesaila; Jone Arriola: web bidezko ‘Females’ telesaila; Mirokutana Koop Elk. Txikia: ‘Zapata Berriak’ telesaila; La Traka Producciones: web bidezko ‘Elizalde Zinema’ telesaila; Carolina Cruz: web bidezko ‘Zuzenean’ saila; Pello Reparaz: ‘Fatum’ bideoklip interaktiboa.

Hautagai bakoitzak mentoring programa bat izango du proiektua egiteko eta txosten bat aurkeztu beharko du. Azaroan aurkeztutako txosten guztiak aztertuko dira eta gehienez ere hiru proiektu hautatuko dira. Horiek bigarren fase batean sartuko dira, prototipatze fasean.

Bigarren faseak 2021eko urtarriletik maiatzera arteko iraupena izango du eta hautatutako proiektuen artean 50.000 euroko laguntza ekonomikoa banatuko da. Prozesuan sortutako prototipoaren aurkezpen publiko bat egingo da eta, horretarako, jendaurreko ekitaldi bat antolatuko da 2021eko maiatzean, 2deo ikus-entzunezkoen laborategian.