naiz

Klima larrialdia gainditzeko, politika «axolagabeen» aurrean «eraldaketa» defendatu du Oterok

EH Bilduk klima larrialdiari aurre egiteko dituen bost konpromiso nagusiak aurkeztu ditu Mikel Otero Arabako zerrendaburuak. «Ezin dugu hutsik egin, ez dago B planetarik eta», esan du.

Mikel Otero, klimaren inguruko ekitaldian. (Raul BOGAJO/FOKU)
Mikel Otero, klimaren inguruko ekitaldian. (Raul BOGAJO/FOKU)

EAJ eta PSEren bultzadaz fracking-a izateko arriskuan dagoen Subilla-Gasteiz aukeratu du Mikel Otero EH Bilduren Arabako zerrendaburuak ingurumen arloko ekitaldia emateko, hain zuzen ere, Lakuak bertan gas fosil ez konbentzionala ateratzeko saiakerari eusten baitio oraindik.

Mikel Oterok bertan esan du «larrialdi klimatikoa datozen urteetako erronkarik nagusienetarikoa» dela, eta aldarrikatu EH Bildu dela erronka hori burutzeko «boto jasangarri eraginkor bakarra».

«Hona ekarri gaituzten politika axolagabeak baztertu eta norabidea aldatzea, aukera bakarra ingurumen, klima, energia, lurralde plangintza, azpiegitura, garraio, etxebizitza, industria eta elikadura politiketan eraldaketa handiak egitea delako, betiere justizia soziala eta guztiontzako oinarrizko baliabideak bermatuz. Ezin dugu hutsik egin, ez dago B planetarik eta», esan du Arabako zerrendaburuak.

Zentzu horretan, EH Bilduk larrialdi klimatikoaren erronkari aurre egiteko dituen konpromiso nagusiak ezagutzera eman ditu:

-Klima eta Energia Legea eta ‘Euskal Zero Karbono 2040’ plana onartzea, 2030. urterako CO2 isuriak erdira jaisteko eta 2040rako karbono neutraltasuna lortzeko.

-800 milioi euroko funts publikoa sortzea energia berriztagarriak sustatzeko eta baliabide fosilen desinbertsio plan bat egitea, gas fosila ustiatzeko proiektuak baztertzeko konpromisoa hartuta.

-Energiaren Euskal Erakundea Energia Berriztagarrien Erakunde bihurtzea eta bere baitan argindarra komerzializatzeko elkarte publiko bat eratzea.

-Enplegu berdearen aldeko akordioa sustatzea, legealdian gutxienez 10.000 lanpostu zuzen sortzeko.

-Etxebizitzen birgaitze jasangarrirako plan integrala.

-Abiadura Handiko Trena (AHT) eta Hegoaldeko Tren-Saihesbidea (Supersur) gelditzea eta azpiegitura erraldoien politika berraztertzea. 

-Hondakinen Lurralde Arloko Plana egitea eta zabortegi guztien publifikazio prozesua abiatzea.

-Fiskalitate iraunkorra bultzatzea CO2 isuriak zergapetzeko, besteak beste.

Mikel Oterok adierazi duenez, neurri horiek guztiak behar-beharrezkoak dira, premiazkoak, egungo egoera «benetan kezkagarria» delako: «Kontsumitzen dugun energiaren %80 baino gehiago baliabide fosiletatik dator, kanpo menpekotasuna %93koa da eta berriztagarrien hedapena, %7koa bakarrik. CO2 isuriei dagokienez, munduko eta Europako bataz bestetik gora gaude; hondakin sorkuntza itzela ere badugu (urtean 2.900 kilo pertsona bakoitzeko) eta heren bat baino gehiago zabortegietara doa. Gure elikadura burujabetza oso eskasa da, jaten ditugun jakiek, bataz beste, 3.000 kilometro egiten dituzte. Laburbilduz, gure aztarna ekologikoa ikaragarria da eta gure kontsumo maila mantentzeko 2,65 planeta beharko lirateke, eta bakarra daukagu».