Gutunean aipatzen dutenez, «guztion eskura egongo den zaintza sistema unibertsala behar dugu», ez dena merkatuaren logikan murgilduko, gertukoa izango dena, eta beste alor batzuekin artikulatua. «Norabide horretan, politika publikoak diseinatu behar dira, subjektu instituzional, polítiko, sozial, komunitario eta ekonomiko guztiak kontuan hartuta», adierazi dute.
«Salbuespen egoera honetan bi gauza nabarmendu dira bereziki, biak ala biak feminismoen ahotan aspalditik darabiltzagunak: bizitza krisian dagoela batetik, eta bizitzaren zaintza kolektiboa izan behar dela, bestetik. Susperraldi ekonomikoaz hitz egiten ziguten bitartean, feministok argi genion planetaren eta jendearen bizitza zaurgarriak direla eta sistema kapitalista heteropatriarkal arrazistaren ondorioz arriskuan gaudela. Osasun eta zaintza sistema indartsurik gabe esentziala ezkutuan eta eskulan merkez zaintzen jarraitzen da», agertzen du gutunak.
Horrela, hiru puntutan aletu dituzte alderdi politikoek, beraien ustez, kanpainan ez ezik programa politikoan kontutan hartu behar dituzten proposamenak.
Batetik, zaintza lanak «sozialki eta politikoki aitortzea» ezinbestekoa deritzelako, zaintza kolektibizatu eta «erantzunkidetasuna ardatz, Euskal Herriko administrazio guztiekin lurraldearteko harremanak indartzea eta EAEko egitura administratibo osoan zaintza mahaiak sortzea» eskatzen diete alderdiei.
Bigarrenik, zaintza lanak «modu justuan banatzea» eskatzen dute, zaintza lanekiko ardura jendarte osora zabalduz eta egun arte «egoera pribilegiatuan» kokatu diren gizon, erakunde publiko eta sektore pribatua interpelatuz.
Zentzu horretan, zaintzari lotutako zerbitzuen publifikazioa bultzatu behar dela uste du Koordinadorak, «Euskal Zaintza Sistema Publiko-Komunitarioaren egitura indartuz». Bestalde, gizarte zerbitzuen legea berrikusi behar dela diote, covid-19ak eragindako krisiaren eragina aztertu eta legearen ikuspegi erlazionala indartuz.
Azkenik, zaintzaileen bizi eta lan baldintzak duintzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute, eta horren baitan, lau «premiazko» ekintza proposatu dituzte: etxeko langileen Lan Erregimen Berezia deuseztatzeko Espainiako Estatuari begirako ekinbide politikoak abiatzea; Atzerritartasun Legearen abolizioa; Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean etxeko eta zaintzen langileak «berehala» integratzea; eta egoitzetako langileen aldarrikapenak betetzea ratioei, soldatari, lan-eskubideei, baliabideei, langileei eta denborari dagokienez.