Naiz

Zinemaldiak Sail Ofizialean lehiatuko diren lehen sei filmak iragarri ditu

Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon, Thomas Vinterberg, Dea Kulumbegashvili eta Takuma Satoren filmak 68. edizioko Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko dira.

Mads Mikkelsen aktorea ‘Jagten’ filmeko fotograma batean. (NAIZ)
Mads Mikkelsen aktorea ‘Jagten’ filmeko fotograma batean. (NAIZ)

Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagileak Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofizialean lehiatuko dira, eta Dea Kulumbegashvili eta Takuma Sato errealizadore berrien lanak ere ikusi ahalko dira sail horretan.

Sharunas Bartas (Siauliai, Lituania, 1964) Cannes, Berlin, Venezia eta Locarnoko jaialdietan esperientzia duen autorea da, eta ‘Frost’ (2017) eta ‘Eurazijos aborigenas / Eastern Drift’ (2010) filmak zuzendu ditu (2014an, Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua 50 filmetan atzera begirakoan aukeratu zuten). Irailean Donostiara itzuliko da, ‘In The Dusk’ filma mundu mailan estreinatzeko, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Lituaniako okupazio sobietarraren aurkako mugimendu partisanoaren borrokari buruzko drama bat.

Naomi Kawasek (Nara, Japonia, 1969) maiz parte hartu du Donostiako Zinemaldian, eta, aurten, Urrezko Maskorra eskuratzeko aukera izango du berriz ere, ‘Asa Ga Kuru / True Mothers’ filmarekin (lehenbizikoz proiektatuko dute Europan); bi ama –bata biologikoa eta bestea adopziozkoa– aurrez aurre jartzen dituen mikrokosmos familiarraren esplorazio berri bat da. Errealizadore japoniarra ‘Genpin’ (Fipresci Saria, 2010) eta ‘Vision’ (2018) filmekin lehiatu da Sail Ofizialean.

Dea Kulumbegashvili (1986) gazte georgiarrak bere film laburrak estreinatu zituen Cannesko zinema-jaialdian eta Errealizadoreen Hamabostaldian, eta ‘Dasatskisi / Beginning’ film luzearekin egingo du debuta. Filmak (Donostian proiektatuko da lehenbizikoz mundu mailan) Jehovaren lekuko batek eta bere familiak talde estremista batengandik eta herri georgiar urrun bateko poliziarengandik jasaten duten jazarpena kontatzen du.

François Ozon (Paris, 1967) Sail Ofizialera itzuliko den beste zinemagile bat da. Urrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi ditu ‘Dans la maison’ (2012) filmagatik, eta, besteak beste, ‘Sous le sable’ (2000), ‘Le refuge’ (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2009) eta ‘Une nouvelle amie’ (2014) filmekin lehiatu da. Errealizadoreak Zabaltegin (‘Regarde la mer’, 1997) proiektatu zuen bere opera prima, eta ‘Été 85 / Summer of 85’ lanarekin lehiatuko da; nerabeen maitasunei buruzko kontakizun bat da, laurogeiko hamarkadarekin nostalgikoa erabat.

Zinemaldiak Takuma Sato (Akita, 1989) japoniarraren bigarren film luzea estreinatuko du mundu mailan, baita ere. ‘Don 't Say That Word!’ (2014) filmari esker, hainbat sari jaso ditu Tokioko Pia zinema-jaialdian eta Busango nazioarteko jaialdian. Bere lan berriak, ‘Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around?’ izenekoak, Urtezahar-gauean biluzik eta mozkortuta korrika ari zela telebistak grabatu zuen gizon baten bizitzak izan duen aldaketa kontatzen du.

Azkenik, Thomas Vinterbergek (Kopenhage, 1969), azken hamarkadetako Danimarkako zinemagile adierazgarrienetako batek, ‘Druk / Another Round’ filmaren Europako estreinaldiarekin parte hartuko du. Film honetan, ‘Jagten’ filmean bezala (2012), Mads Mikkelsen aktorea da protagonista. ‘Festen’ (1998) filmaren egileak esperimentu bitxi batean murgildutako hainbat irakasleren bizitza kontatzen du: lanaldian zehar intoxikazio etiliko maila bera mantentzea lortzen badute, euren buruak zabaldu, eta sormena areagotuko dutela uste dute.

Datozen asteetan, Zinemaldiak 68. edizioko Sail Ofiziala osatuko duten gainerako lanen berri emango du. Jaialdia irailaren 18an inauguratuko du ‘Rifkin’s Festival’ filmak (lehiaketaz kanpo), Woody Allenek zuzendutako komedia erromantikoak.

Ezohiko jaialdia

Alarma-egoera amaitu ondoren, eta pandemia pixkanaka arinduko den esperantzan, Donostiako Zinemaldiak baztertu egin du lehiaketa ez egitea, baina baita edizio estandar bat antolatzea ere, azken urteetako ildoari jarraituz.

Jaialdiko lantaldea lanean ari da 68. edizioa antolatzeko aurreikusitako egunetan, irailaren 18tik 26ra, beti ere agintariek ezarritako eskakizun sanitarioei erantzunez. Helburua da ikusleentzat, zinema industriarentzat eta hedabideentzat ezaguna eta segurua den zinema jaialdi bat antolatzea.

Zinemaldiko zuzendaritzak zenbait erabaki hartu ditu: proiekzio kopurua murriztea, bere jarduera batzuk online egitea eta ohiko egoitzetako batzuk alde batera uztea. Halaber, 2021. urtera atzeratu da Koreako 50eko eta 60ko hamarkadetako zinemari buruzko atzera begirakoa, eta aurten ez da Klasikoak saila egingo.