NAIZ
ORDIZIA

Osakidetzak beste 450 PCR proba inguru egingo ditu astearte honetan Ordizian

Osakidetzak beste 450 pertsonari egingo die PCR proba Ordizian gaur, udalerriko taberna giroko kale batean covid-19aren agerraldi bat antzeman ondoren.

Erizainak PCR proba egiten bi pertsonari. (Jon URBE/FOKU)
Erizainak PCR proba egiten bi pertsonari. (Jon URBE/FOKU)

Astelehenean 900 PCR proba egin zituzten Ordizian, eta lehenbiziko 91 emaitzak negatiboak izan dira, baina egindako test guztien %10 besterik ez da hori, Ordiziako Udalak jakinarazi duenez.

Osakidetzak zenbait karpa jarri zituen atzo Ordiziako osasun zentroaren inguruan, eta aurretiko ordua eskatu zuten pertsonek bertan egin zituzten PCR probak. Karpak behar den arte egongo dira instalatuta. Hamar erizain inguru ari dira probak egiten eta gunean desinfektatzen, eta minutuko bost PCR proba egin dituzte batez beste. Emaitzak telefonoz jakinaraziko dituzte, izan positiboa edo negatiboa. PCR proba egin dutenek etxean egon behar dute emaitza jakin bitartean eta maskara erabiltzea beharrezkoa da, Udalak ohartarazi duenez.

Lakuako Osasun Sailak balizko lotura epidemiologikoa identifikatu zuen PCR proban positibo eman zuten zenbait pertsonaren artean; gunea Ordiziako Etxezarreta kalean egon daiteke.

Larunbatean, Osasun Sailak baieztatu zuen atzemandako pare bat positibori jarraipena egin ondoren, bertako taberna bat izan zitekeela covid-19aren fokoaren sorrera. Hori jakin ostean, Ordiziako Udalak taberna hori ixtea erabaki zuen, eta igandean bertan PCR probak egin zitzaizkien Zumarragan. Emaitza positiboa izan zuten, eta ezarrita dauden neurriak segiz, foko hori agertu den tabernaren alboan dauden beste hiru lokal ixtea erabaki zen prebentzio neurri moduan; nahiz eta artean ez zegoen positiborik bertan. «Zuhurtziaz hartutako erabakia izan da hiru taberna hauek ixtea, horrek erakutsiko digu ea birusaren transmisioa egon den edo ez», azaldu zuen Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Alkateak arduraz jokatzeko eskatu zuen: «Egoera hauetan lasaitasuna mantentzea beharrezkoa da, baina zuhurtziaz eta arduraz jokatu beharra daukagu. Badakigu zer den konfinamenduan egotea, ezin atera izatea, eta ez dugu inolaz ere atzera pausorik eman nahi. Orain testen emaitzak zehaztuko dute zeintzuk izango diren hartu beharreko erabakiak. Herritarrak babestea izan da orain arte gure helburua, eta orain ere horixe da. Beraz, herritarrei arduraz jokatzeko eskatzen diegu beste behin, osasun neurriak mantentzea funtsezkoa dela gogorarazten dizuet, eta ez dugu ahaztu behar hau ez dela amaitu».