Feminismoaren indarrean jarri du arreta astearte honetan Elkarrekin Podemosek. Pilar Garridok, alderdiko koordinatzaile nagusi berriak, nabarmendu nahi izan du historikoki indar handia izan duela Euskal Herriko mugimendu feministak, batez ere Leioan 1977an egin zen asanbladaz geroztik.
Erreferentetzat jo du mugimendua eta uste du feministen botoek «aldaketa handia» ematea ahalbidetuko dutela, ondoren Gobernu «aurrerakoi eta feminista» eratzeko. Hala, mugimendu feministaren lerroburuetan oinarritu da astearte honetan Gasteizen eginiko ekitaldian koalizio morearen eta Miren Gorrotxategi lehendakarigaiaren aldeko botoak eskatzeko.
«Aldaketa handia» gauzatu ahal izateko, boto feministak eskatzearekin batera, EH Bildu eta PSEri gonbita luzatu die uztailaren 12ko hauteskundeen ondoren Gobernu «ezkertiar eta ehuneko ehun feministen» osatzeko.
Elkarrekin Podemoseko alderdikideak nabarmendu du beharrezkoa dela «ustezko euskal oasia» osatua dagoen modelo soziekonomikoa aldatzea, sistema honen oinarria aspalditik emakumeek «doan, itzalpean edo gaizki ordainduta» eginiko lanetan baitago.
Horregatik, ziurtatu du lan egingo duela emakume hauen lana aitortua izan dadin, hauei esker «beste askoren bizi-baldintzak hobetu direlako».
Bi ereduen arteko lehia
Elkarrekin-Podemoseko koordinatzaileak ohartarazi du igandeko hauteskundeetan bi ereduren artean aukeratu behar dela. Alde batetik, EAJk ordezkatutako eredua, zeina «boteretsuen zerbitzura» dagoen sistema bat den; eta bestetik, «bizitza erdigunean» jartzen duen eredua, Elkarrekin Podemos defendatzeko prest agertu dena.
Jeltzaleen eredua kritikatzerako orduan, zahar-egoitzetako egoera ekarri du gogora. Nabarmendu du EAJk negozioak egiten dituela «oinarrizko zerbitzuen kontura» eta erresidentzietan covid-19aren pandemiarekin gertaturikoa kasualitatea ez dela oharatarazi du, jada langileak zenbait mobilizazio eginak baitzituzten.
«Euskal herritar guztien bizitzari eusten dion eredu baten eta interes ekonomikoetan soilik pentsatzen duen, Confebasken zerbitzura dagoen eta gehiengo sozialetan inoiz pentsatuko ez duen eredu baten artean aukeratu behar da», adierazi du.